Urdulizko Herrira bilguneak alarma gorria piztu du Iosu Uribetxeberria preso gaixoaren egoera ikusita, eta Euskal Herriko hainbat Herrira tokiko plataformek egin bezala, zenbait mobilizazio deitu du astebururako, Urdulizen. Besteak beste, baraualdia, elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dituzte urduliztarrek. Bertako Herrirak zabaldu duenez, "Iosu Uribetxebarriak hamabost egunez burutu duen gose grebari uztea erabaki zuen atzo. Bere osasun egoera oso larria da eta alarma gorria piztu da, beraz, gure txanda da. Orain guk hartu behar dugu bere lekukoa". Gauzak horrela, "Iosu eta gaixo larri dauden gainontzeko hamahiru euskal preso politikoen askatasuna aldarrikatuko dugu, beste gauza askoren artean, legearen arabera aske egon behar dutelako". Aipatu ekimenetan "herritar guztien parte hartzea beharrezkoa ikusten dugu. Beraz, hartu kanpin denda, lo zakua, eta etorri herritarron eskubideak defendatzera!", deitu dute. Bitartean, biharko, ostirala, Herrirak Bilbon deitutako
manifestazioa debekatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Plataformak berau bertan behera utzi du eta goizeko 12etan Plaza Eliptikoan
egingo duten elkarretaratzera hurbiltzea eskatu du. Argazkian, Uribetxeberriaren alde Iruñean egindako elkarretaratze bat / cc-by-nc
Ateak Ireki.