Uribe Kostako preso politiko gehienak bezala,
Iosu Uribetxeberria preso gaixoaren egoerak kezkatuta baraualdian dira eskualdeko hamaika auzokide. Izan ere, gutxienez 30 uribekostarrek uko egin diote gaur eta bihar elikatzeari, minbizia duen presoaren eta beste 13 gatibu gaixoren askatasuna aldarrikatzeko. Barauan sartzen goiztiarrenak leioaztarrak izan dira. Goizeko 11etan, Udondoko bulebarrean ekin diote ez irensteari 15 neska-mutilek. Arratseko 7etan, elkarretaratzea egingo dute bertan eta bihar, ordea, San Bartolome auzoan izango da kontzentrazioa, 13:00etan,
bertako jaiak direla eta.
Urdulizko Herrira bilguneak ere elkarretaratzea egin du gaur goizean Antsonekoa plazan baraualdia abiatzeko, elikagaiez hornitutako azoka saltokien ondoan. Sei da bertan jarritako karpan arituko diren pertsonen kopurua. Bihar, 19:00etan, baraualdia amaitu eta udaletxerainoko manifestazioa eta elkarretaratzea egingo dituzte. Plentziari dagokionez, 13:00etan abiatu dute gose greba mugatua, Eliz plazan Antolintxu eta Madalentxuren aurkezpena dela eta lunch-a banatu den orduan. Bertan Uribetxebarriaren askatasuna eskatzeko kontzentrazioa egin dute 10 grebalariek eta beste hainbeste lagunek. Baraualdian udal lokalak erabiltzeko baimena eskatu zioten Isabel Zarauza alkate independenteari, baina horrek ez zien eman, nahiz eta debekatu ere ez zuen egin, Plentziako Herrirak salatu duenez. Hortaz, Astillero plazan burutuko dute protesta, kioskoaren inguruan jarritako oihal dendetan. 20:00etan egingo dute elkarretaratzea gaur. Bihar ere, baraualdia amaitzeko kontzentrazioa egingo dute, goizeko 11etan. Azkenik,
Algortako Herrirak zabaldu duenez, Sopelan ere barauan dira hainbat lagun. Argazkian, Plentziako elkarretaratzea.