Martin Etxegarai Mendiguren 29 urteko preso berangoztarra kalean da jada eta gaueko 10:15erako Berangon itxaroten dute lehen harrera emateko. "Getxo Papera" aldizkariak sare sozialetan zabaldu duenez, gaztea Almeriako kartzelatik zen ateratzekoa goizean, bederatzi urteko espetxe zigorra osorik bete ostean. Etxegarai 2002ko maiatzaren 18an atxilotu zuen Ertzaintzak Berangoko postetxeari su eman izana leporatuta. Berarekin batera, Orkatz Gallastegi gaztea ere hartu zuten atxilo. Biek ala biek hasieratik ukatu egin zuten erasoa burutu izana baina epaileak zigortu zituen, ezkutuan mantendu zen ustezko lekuko baten hitzan oinarrituz. Bestalde, aipatutakoa ez da Etxegarairi leporatu dioten kale eraso bakarra. Beste 15 gazte bizkaitarri bezala, 2000ko irailaren 16an Galdakaon hainbat banketxe eraso izana egotzi zioten Auzitegi Nazionaleko epaileek, baina bere aurka zantzurik ez zegoela onartu zuten azkenean. Gazteen kontrako froga bakarrak inkomunikazio aldian ertzainen aurrean egindako deklarazioak izan ziren, "tortura dela medio" lortutakoak, akusatuek salatu zutenaren arabera. Etxegaraik sakabanaketaren biktima izan da eta, besteak beste, Madrilgo Soto del Real, Cadizko Puerto II, Zaragozako Zuera, Almeria eta Albaceteko espetxeetan izan dute. Argazkian, presoen aldeko elkarretaratze bat Berangon.