Bestalde, irailaren 3an, oinezkoentzako ibilbide berri bat irekiko du EHUk, atletismo-pistan kokatuta dagoen behin-behineko aparkalekutik kiroldegia eta campuseko eremua lotzen dituen zubira heltzeko. Atletismo-pistaren eta ikastetxeen artean dagoen errepidetik ibilgailu kopuru handia ibiltzen denez, toki batetik bestera arriskurik gabe eta zuzenean igarotzea ahalbidetuko du oinezkoentzako ibilbide berri horrek.
Carmelo Garitaonandia EHU Bizkaiko Campuseko errektoreordeak ibilbide berri hori erabiltzeak duen garrantzia azpimarratu du, bere esanetan, "campusaren sarrera nagusiko biribilgunea oinez zeharkatzea debekatuta egoteaz gain, hori egiten dutenek arriskuan jarriko dutelako beraien buruz, eta hori erabat saihetsi daiteke oinezkoentzako ibilbidea de zubia erabilita".
Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen aurrean burutzen ari diren aparkaleku berriaren obrak direla eta ireki da atletismo-pistako behin-behineko aparkalekua. Lanok uztailaren bukaeran hasi ziren eta 2013ko irailerako bukatuta egongo dira. Aparkaleku berri horretan 1.200 ibilgailurentzako tokia egongo da, eta baita autobusentzako 20 nasa eta autobusei itxaroteko eremu estali bat ere.
Gauzak horrela, oinezko ibilbide berrirako eta Parke Zientifikorako lanen eraginez urtearen bukaerara arte bi sarrera izango ditu unibertsitateak: bata, gaur egungo sarrera nagusia (Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen ondoan) eta, bestea, Irakasleen Unibertsitate Eskolaren eta Arte Ederren Fakultatearen bitartean dagoen albotiko sarrera.
Carmelo Garitaonandia EHU Bizkaiko Campuseko errektoreordeak adierazi duenez, "ez daukat zalantzarik lan hauek eragozpenak eragingo dituela unibertsitate-erkidegoan, baina ahalegin osagarri bat egin behar dugu guztiok, Parke Zientifikoaren urbanizazioan eta bere saihesbidearen eraikuntzan beharrezko aurrerapausoa delako honakoa".