Izan ere, lehen erasoa orain hamaika urte inguru pairatu zuten, negutegien oihalak kuter batez apurtu zizkietenean. Hartan ere salaketa jarri eta inolako emaitzarik ez zuten eskuratu. 2009an jazo zuten erasorik bortitzena, auzokideei esker etxea galdu ez zutena, ingurukoek ur baldeez probokatutako sutea amatatzea lortu baitzuten. Eraso horiez gain, beste batzuk txikiagoak eta hainbat ertzain eta polizia nazionalek botatako irainak eta egindako jazarpenak ere gogoan ditu Maite Basabek. Orain bi edo hiru hilabete, negutegiko zabor multzo bati su eman zion baten batek eta "dena ertzainez bete" zen. "Nondik eta Berangotik eztandaren bat entzun" zutela eta hots egin zietela zioten poliziek, Basabek gogoratzen duenez. Gauzak horrela, ertzainek sua amatatzeko eskatutako suhiltzaileen kamioiaren faktura ordaintzea berari egokitu zitzaion.
Udalak sendia babesteko asmorik ez
Baina, jazarpenaz gain, mingarriagoa egiten zaio erakundeek agertu dieten babes eza. 2009an, etxea erretzen saiatu eta semeari heriotza mehatxua egin zioten ostean, Imanol Landa Getxoko alkateari hitzordua eskatu zion. Orduan, deituko ziotela esan zioten kezkatutako amari. Baina, deia ez zen inoiz heldu. Hauteskunde kanpainan ikusi zuen alkate jeltzalea eta gertatutakoa gogoratu zion, Landak "ezusteko aurpegia jarri eta horren berririk ez zuela" zioen bitartean. Orduan, berriro ere telefonoa hartu zioten Maite Basaberi baita deituko ziotela berriro agindu ere. Emaitza berbera izan zen. Hirugarrenez saiatu zen Basabe eta berriz udaletxeraino hurbildu eta hitzordua eskatu eta alkatearen idazkariarekin mintzatu zen azkenean hitzordua lotzeko. Telefonoa hirugarrenez hartu eta hirugarrenez deiaren zain dago, oraindik ere, hiru urte pasatu direnean.