Bihartik ostegunera, EHUko Koruak Eslovenia, Txekiar Errepublika eta Italiako beste abesbatza batzuekin arituko da irailaren 22ra bitartean Sardiniako hainbat herritan ospatuko den
Festival Internazionale di Musica Vocale Concordia Vocis jaialdian. Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, EHUko abesbatzak Esloveniako Krog Ganbara Koruarekin, Txekiar Errepublikako Vocal Ensemble Gentlemen Singers eta Italiako Complesso Vocale di Nuoro, Coro Femminile "Eufonia" di Gavoi eta Coro di Iglesias abesbatzekin konpartituko du eszenatokia. Concordia Vocis jaialdiak 1992an hasi zuen bere ibilbidea eta aurten XXI. edizioa beteko du. Urte guzti horietan zehar, uda sasoiko musika polifonikoaren zaletuentzako ezinbesteko topagunean bihurtu da jaialdi hau. Lau astetan zehar hamar kontzertu eskainiko dira Sardinian musika polifonikoa sustatzeko asmoarekin. EHUko Koruaren emanaldiak bihar, etzi eta etzidamu izango dira, Cagliariko Sant'Agostino elizan, Tortoliko Sant’Andrea katedralean eta Gavoiko San Gavino Martire elizan, hurrenez hurren. Argazkian, EHUko abesbatza artxiboko irudi batean / © EHU.