"Kale borrokari lotuta bizi izandako" gertaerari dagokionez, Udaleko oharrean jasotako adierazpenen arabera, Landak honako hau aipatu du ere: "jende honek jakin behar du aroz kanpo daudela, era honetako ekintzek ez dutela eta ez dutela izango inolako zentzu eta justifikaziorik, eta gizarte getxoztarrak eta oro har, euskaldunak ez dituela onartzen jarrera totalitario horiek".
Getxoko Alkateak, halaber, adierazi du Getxoko Udaleko alderdi politiko guztiek kale borrokari lotutako gertaera horren aurkako jarrera agertzea espero duela, "horixe litzatekeelako modurik onena benetan erakusteko aro berria eta gatazkak konpontzeko formularen aldeko apustu bakarra politika dela Getxon guztiok onartutako errealitatea dela".
Imanol Landa Getxoko alkateak, "ahal den gaitzespenik zorrotzena" egin du "atzo arratsaldean Algortako auzoan kale borrokari lotuta bizi izandako gertaeraren aurrean" eta "nola gertatu den ikusita, oso ondo prestatutako eta antolatutako ekintza horren larritasuna" nabarmendu du, Udalak zabalduriko ohar baten bitartez. Alkateak adierazi duenez, "zoritxarrez badirudi oraindik burugabe nostalgiko batzuk ditugula gure herrian, oraingoan bezala, hiriko altzari publikoa errez, indarkeriaren bidez, eta Euskadin bizi dugun aro berriaren gainean egiten duten interpretazioa bereziaren bidetik, zerbait aldarrikatu litekeela pentsatzen dutenak". Bestalde, Landak gaitzetsi egin nahi izan ditu ere atzo Goikoetxea-Basabe familiaren Getxoko baserrian agertutako pintada iraingarriak, gogoratuz 2009 urtean ere baserri horretan bertan pintadak agertu zirela mehatxuak eginez eta sua ere eragin zutela. Orduan, pintada haiek Falange y Tradición talde faxistak beregain hartu zituen. "Beti gaitzetsi ditut eta gaitzetsiko ditut indarkeriazko edo mehatxuzko ekintzak, datozenetik datozela, eta gustatuko litzaidake denok berdin egitea. Hartara, gaur, 2009an egin nuen bezala, eta are zorrotzago, faxismo hutsaren beraren ekintzak diren hauek gaitzetsi eta arbuiatzen ditut, berriro gerta ez daitezen eskatzen dudan aldi berean", esan du alkateak.