Gauzak horrela, besteak beste, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Begoña Ochoa Eusko Jaurlaritzako Politika Zientifikoko zuzendaria eta Miren P. Cajaraville EHUko katedradun eta Europako Fisiologia eta Biokimika Konparatuen Sozietateko egungo presidentea arituko dira inaugurazio ekitaldian.
Hasierako hitzaldiak nazioartean entzutetsuak diren zientzialari bik emango dituzte: George Somero (Stanford Unibertsitatea) eta Hans-Otto Portner (Bremerhavengo Alfred Wegener Institutua). Biek hitz egingo dute beroketa globala, hipoxia eta ozeanoen azidotzearen aurreko moldarazpen biokimikoari buruz. Gonbidatutako beste hizlari batzuk honako hauek dira: Charles Tyler (Exeter Unibertsitatea), ingurumenaren kutsatzaile batzuek sexu hormonak mimetizatuz jokatzen dutela deskubritu zuen lehen zientzialarietako bat; Gary Ankley (Estatu Batuetako Ingurumenaren Babeserako Agentzia), kutsatzaileen eta sistema endokrinoaren arteko interakzioan aditua; Bruce Blumberg (Irvine, Kaliforniako Unibertsitatea), gizakietan lipidoen metabolismoarekin lotutako gaixotasunak azaltzeko teoria obesogenikoa proposatu zuena; Doris Au (Hong Kong-eko Unibertsitatea), patologia zelularrean eta estresaren aurreko sistema immunologikoaren erantzunetan aditua eta Hong Kong-en ingurumenaren kalitatearen estandarrak ezartzeko arduraduna; eta Nico M. Van Straalen (Amsterdamgo Unibertsitatea), lurretako hainbat bizidunen genoma aztertuz estresaren aurreko moldarazpen mekanismoak deszifratzen dabilena.
1978an sortu eta 2007an berritua izan den Europako Fisiologia eta Biokimika Konparatuen Sozietatea Fisiologiaren eta Biokimikaren arlo konparatuetan interesatuta dauden zientzialariei irekita dago, enfasi berezia eginaz prozedura fisiologiko, zelular, biokimiko eta molekularren ingurumeneko faktoreen integrazioan. Sozietatearen azken kongresuak Ravennan (2008), Innsbrucken (2009) eta Alessandrian (2010) burutu dira.