Josu Gotzon Landeta: "Eraginkortasun polizialaren lurrinak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ira. 8a, 23:19

Egun haietan herri hartan ez zen giro. Herri txiki hura errepide batek zeharkatzen zuen punta batetik bestera, herri-gunea mota guztietako ibilgailuen jarioa jasan behar izanik. Herria alderdi bitan banaturik zegoen, eta ezinbestean adin guztietako jendea zebilen alde batetik bestera. Alabaina, udan bereziki umeak ziren leku hartako protagonista, ezker-eskuin eskuin-ezker txirrinduaren gainean baitzebiltzan jolas alai eta atseginean. Gehienak errepidea zela eta kontu handi ibiltzen ziren, baina alarma guztiak pizturik ere nekez antzeman zezaketen inoiz edo behin, autopistan edo Indianopolisko zirkuituan lasterketan bailebiltzan, ziztu bizian igarotzen ziren auto horiek agertzea, herriko abiadura seinaletan erreparatzen ez zutenak. Egunetik egunera auto hobe eta arinagoak agertzen ziren, eta herri hartako biztanle batzuk (umeen gurasoak bereziki) euren haserrea erakusten hasi ziren, zerbait egin behar zela, horrela ezin zela jarraitu, modu batean ala bestean hori kontrolatu beharra zegoela, alkateak zer egiten ote zuen bariante baden edo bestelako zerbait jartzea eskatu barik…. Argazkian, pare bat ertzain trafiko kontrola ezartzen artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.

Eta halako batean, horra hor irtenbidea: herri txiki hartara patruila bat bidali zuten bertatik igaroko ziren autoen abiadura neurtzeko asmoz, era horretan herriko biztanle sumindu horien haserrea baretuko zutelakoan. Hantxe paratu ziren etxe baten atzean ezkutaturik, kanpotik zetozen ibilgailuetako gidariek ikus ez zitzaten. Herriko jende asko pozik zebilen, alkatea ere bai, hortxe jende kexatiaren arrangurak amaituko zirelakoan. Baina ustea erdia ustel, ezen herriaren barnealdean barik herriko sarreratik 200 metrora zegoen 50eko seinalearen parean neurgailu bat jarri eta, bertatik gehiegizko abiaduran igarotzen ziren ibilgailu horiek zigortzen hasi baitziren, lasterketari jaioak izan ala ez, herriko barrualdeari jaramon egin barik.

Hura ikusi eta, guraso suminduetako batek ezin sinets zezakeen bertan egiten ari zirena, herri-guneari muzin eginik herritik kanpo tranpa bat jarri eta bertan gidari inozo eta fidakorrenak harrapatu, alegia. Eta hala jakinaraziko zien poliziei, zer egiten zebiltzan bertan, arau-haustea herri-gunean gertatzen zela eta ez landaz inguraturiko tokian, gura zuenak berdin-berdin segituko zuela herri-gunetik arin pasatzen, hark ez zuela sentsurik…. Hala jakinaraziko zien, bai, baldin eta Poliziek kapelak eta pistolak ematen dien autoritatearen indarra erakusteko beldurrik izan ez balu, gai horiek handiagoak dituzten heinean egiten baitzaie adimena txikiago. Guraso hark ondo zekien lege zapaltzaile autoritarioak ematen dien ez-legezko indar horrek, eskubide osoko hiritar izatetik narras lebilkeen koitadu bihur zezakeela, estatu aparatuaren aurrean kale kantoian garbitu beharreko kakaren antzeko balioa aitor ziezaioketela, hau da, hutsaren parekoa. Hala da ze, une hartan zilegi zuen protestari uko eginik, bere bidetik aurrera egin zuen bertako sundari ihes eginik sudurrean pintza bat jarriz.

Gaur mugako sunda guztiak desagertu egin dira. Gaur igandea da, eta poeta handiaren hitzak gogora ekarriz herriko plazan handikiak familia erretratuetan bezala ageri dira, larritasuneraino perfumaturiko arima erakutsiz. Neu handik nabil, baina lurrin hori gustatu ez eta kale bazter anonimoagoetatik ibiltzeari ekin diot, esentzia fidagarriago baten bila, gizalegez jantzi nazakeen esentziaren bila, alegia. Enpeinu horrek kale bazterretan aho zapore gozoa utzi dit (izan ere jende oro ez da plaza nagusiko lurrin horretaz fio), harik eta etxean sartu eta telebistan ondoko hau entzun dudan arte: udan zehar estatu osoan gidarion gehiegizko abiadura dela eta milaka zigor jarri dituztela, bai eta arau-hauste horiek beherantz egin dutela poliziaren eraginkortasunari esker. Diruaz eta kontrol sozialaz ez zuten ezer esan, baina edozein inozok argi susma dezake kontrol haien benetako helburua zein den. Eta zuek irakurleok, ez ala?

Egun hauetan herri hartan ez da giro…….

Josu Gotzon Landeta irakasle getxoztarra
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun