Gaur, osteguna, "Taras Bulbaren kosakoak" ikuskizuna izango da Areetako Xake plazan, Errusiako Ballet Nazionalaren izen handitxoaren pean datozen Koskakoen Estatuko Dantza Konpainiaren dantzarien eskutik. 20:00etan hasi eta bi orduz, 25 artistak herri kosakoaren dantza, musika eta abesti erakustaldia eskainiko dute. "Taras Bulbaren kosakoak" dantzaldiak Europako ekialdean XVII. mendetik aurrera finkatu ziren hainbat herri kosakoren tradizio, kultura eta folklorea gerturatzen du, Nikolai Gogolek eraikitako pertsonaje abertzale ukraniarra aitzakia hartuta. Ikuskizuna kultura kosakoaren mitologia goratu duen idazle eta zine zuzendari ospetsuenen lanetan oinarrituta dago. Besteak beste guda eta maitasun dantzak antzeztuko dira, tradiziozko musikaz lagunduta. Ivan Gromakov izen handiko koreografo errusiarra da konpainiako zuzendaria. Unescoren saria jaso zuen kultur hedapenaren arloan eginiko lanagatik eta Moskuko Bolshoi antzoki ospetsuaren sarietan folklore kosakoaren espezialitateko zuzendari-koreografo onena izateagatik golardatu zuten. Argazkia: © Don Cossacks State Dance Company.