Terrazetan irakurgai-bilduma berezia izan dute eskura erabiltzaileek, udan irakurtzeko aproposa, hain zuzen ere. Guztira, euskarazko eta espainolezko 2.500 bat liburu egon dira etxoletan. Maileguei dagokienez, aurten 5.734 egin dira. Horietako 3.732 euskarazko aleak izan dira.
Aisialdirako gunea
Aurten ere, aisialdirako eskaintza osagarria izan da Terrazetan haurrek oporraldiaz goza dezaten. Bertan antzinako, mahai eta elkartasun jokoak; eskulan tailerrak eta sei ipuin-kontaketa saio izan dira.
Halaber, Eusko Jaurlaritzaren "Kale antzerkia bultzatuz" kanpaina dela eta, adin guztientzako hiru kale-ikuskizun antzeztu dira Terrazetan onarpen handia lortuta.
Urtero legez, aurten ere Letren Terrazak topagune "ezin hobea" izan da getxotar umeentzat udan. Getxoko Kultur Etxeak zabaldutako datuen arabera, 37.000 lagun baino gehiago egon dira udako liburutegietan, iaz baino 7.000 bisitari gehiago. Kopuru horretatik, 30.120 haurrak izan dira, hau da, erabiltzaileen %80. Ekimenak, udal liburutegiek antolatuta, 26. urteurrena egin du eta, ohi bezala, irakurtzea bultzatzeaz gain, jokoak, tailerrak, ipuin-kontaketak eta kale ikuskizunak hartzen dituen eskaintza haurrei gerturatzea du helburu. Aurten udako liburutegiek sei kokapen izan dituzte lehenengo aldiz. Uztailaren 2tik 30era Areetako Xake, Algortako Iturgitxi eta Getxoko Sarri plazetan kokatu dira eta, abuztuaren 2tik 31ra, Algortako Gernika eta Aldapa, eta Areetako Xake plazetan, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. Argazkian, Areetako Xake plazan kokatutako terrazaren artxiboko irudia.