Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso politiko algortarra irailaren 17 eta 18an epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2007ko ustezko ihesaldi plan batean nahasita egotea egotzita,
Algortako Herrira bilguneak jakinarazi duenez. Horren harira,
lau lagun atxilotu zituzten 2009ko ekainean, horien artean Algortakoa ere den Inge Urrutia. Emakume gaztea libre utzi zuten handik egun batzuetara, kargurik gabe. 2011ko ekainean prozesamendu autoa zabaldu zuten Gorka Garcia Sertutxa, Iñako Goioaga abokatu sestaoarra eta Ana Paz medikua, epaitzeko asmoarekin. Arkaitz Goikoetxea gatibu getxoztarra eta Igor Solana bilbotarra ere lotu zituzten hasiera batean ihes egiteko saiaketa horrekin, baina epaileek ez zuten prozesamendua zabaltzerakoan horrela ikusi eta ez zituzten prozesatu. Hala ere, Goikoetxea Valdemoro espetxean daukate, Villenatik (Alacant) bertara eramanda, epaiketan lekuko gisa deklaratzeko. Argazkian, presoen aldeko elkarretaratze bat Algortan.