Koldo Larrea Antxia: "Noizko batasun sindikala?"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ira. 17a, 21:51

Hego Euskal Herriko elkarrizketa gehien-gehienak espainolez gauzatzen dira, eta askok Espainiako futbola du ardatz. Telebista kate espainiarrak dira hemen ikusienak. Euskal enpresek Espainia dute saltoki nagusia. Euskal herritar gehienak Espainiara joan ohi dira oporretan eta ez dira gutxi bigarren etxebizitza han erosten dutenak. Madrilgo Gobernuak eskubide sozialak kentzen dizkigunean, ordea, euskal gehiengo sindikalak eta sindikatu espainolen euskal ordezkaritzek ezin borrokan bat egin. M-29ko greba orokorra nolabaiteko aurrerapausotxoa izan zen balizko batasun baten bidean. Tamalez, irailaren 26ko greba deialdian aurrerapauso ñimiño hark ez du jarraipenik izan (oraingoz, bederen). Batetik, ataka honetan hain komenigarria dugun batasuna nekez izango da posible UGTk eta CCOOk paktu soziala baztertu eta jarrera oldarkorragoa erakusten ez badute. Bestetik, nazio-arazoaren oztopoa gainditzeko, jarrera aldaketa bi aldeei eskatu behar zaiela uste dut. Etorkizuneko proiektuak proiektu, PPren gobernuaren eraso izugarria une honetako errealitate gordin-gordina dugu. Ez dut uste egoera gorri honetan borroka sozialean bat egiteak inoren nazio proiektua hipotekatuko lukeenik. Etorkizuneko ametsetan nirekin ados ez datozenekin bat ez egiteagatik oraingo borroka erreal hau galtzea, aldiz, errakuntza garestia litzateke, lagun askori berehala pobrezia ekartzeaz gain, agian gure amets horiek urrundu egingo bailituzke. Langile eta langabetu guztion artean bidera dezagun, bada, borroka-batasuna, letagin bakarra erakutsita nekez izutuko baitugu etsai amorratu hau. Argazkian, CCOO sindikatuak berriki argitu du ez duela irailaren 26ko grebara deituko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun