"Gazta zati bat" filma emango dute ostiralean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ira. 17a, 23:11

Jon Maia bertsolariak zuzendutako "Gazta zati bat" dokumentala Sopelako Kurtzio kultur etxera proiektatuko dute ostiralean, irailak 21. Hitzordua 19:30ean jarri dute, sarrera debalde izango dela. Dokumentalak Idiazabal herrian hasi eta euskal gatazkaren gaia era berritzailean aurkeztuko du: gertakizun handien hurbileko begirada eskaintzen du, historia handia letra txikiarekin kontatzen du, gertutasunez, intimismoz, umorez... Giza faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta albisteen kronika estereotipoetatik aldentzen da. Historiaren "making off"-a erakusten digu. Izen handien liluran erori gabe, herritar xumeengan jartzen du arreta. Iragan gatazkatsua eta iluna atzean utzi eta aurrera begira era positiboan jartzen gaituen istorioa da. Dokumentalaren iraupena 90 minutukoa da, eta euskaraz eskainiko da, espainolezko azpitituluekin. Jon Maia da filmaren zuzendari eta gidoigilea, eta musikaren arduradunak Xabier Solano eta Zigor Lanpre dira, Esne Beltzako Sound System-eko kideak. Argazkian, trikitilariak Eskozian jotzen, filmaren irudi batean / © Nazioen Mundua herri ekimena.

Sinopsia

Munduan bere gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen da istorio hau. Herritar xume batzuk, Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik misio handi bati ekingo diote: munduan zer izan erabaki ahal izatea.

Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen lekuko zuzenak izatera eramango ditu: Eskozia eta Euskal Herria. Letra txikiz idatzitako historia handi bat. Etorkizunari begira jartzen gaituen aro berriko dokumental bat.

"Gazta zati bat" filmaren aurrerakina (© Nazioen Mundua herri ekimena)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun