Irailaren 26ko Greba Orokorrerako bederatzi egun falta direnean, Ertzaintzak Imanol Gonzalez Pardo 24 urteko gaztea atxilotu du gaur goizean, aurreko Greba Orokorrean etxez egindako lehergailu bat jarri izana leporatuta. Leioa eta Erandioko EHUko campusean Soziologia ikasi eta Itzubaltzeta / Romon bizitza soziala egiten duen Karrantzako gaztea goizeko zazpiak aldera atxilotu dute azken urteotan bizi den Balmasedako bere etxean. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atxiloketa Gonzalez etxetik ateratzen ari zenean egin dute. Dagoeneko haren etxea eta beste bi lokal miatu dituzte eta, Ertzaintzaren arabera, litekeena da miaketa gehiago egitea. Lekukoek
Topatu.info-ri jakinarazi diotenez, lagun eta senide ugari bildu dira goizetik gaztearen etxe inguruan eta Ertzaintzak horietako lagun bat identifikatu du. Gonzalez kale erasoak egotzita atzeman dute, martxoaren 29ko greba egunean, Lanestosan zen linea autobus baten azpian eztanda egin ez zuen lehergailu bat jartzea leporatuta. Oraingoz, gaztea Ertzaintzaren eskuetan ei dago, baina Herrizaingo Sailak iragarri du Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dutela, bertako 5. Instrukzio Epaitegiko magistratuaren aurretik pasatzeko. Bitartean, atxiloketa salatzeko hitzorduak jarri dituzte gaur 18:00etan Karrantzako El Suceso auzoan eta bihar 13:00etan, Leioa eta Erandioko campuseko Mikel Laboa plazan, Leioako Ikasle Mugimenduak deituta.