Datorren irailaren 30an, zortzi urte beteko dira ehunka gaztek Errekagane kalean utzita zegoen ebanisterian sartu eta egungo Itzubaltzeta gaztetxea okupatu zutenetik. Aurretik zeukaten izen bereko gaztetxea Ertzaintzak indarrez hustu eta Getxoko Udalak eraitsi eta hiru egunera egin zuten okupazioa. Egun, oraingo gaztetxeak berdin amaituko ez duela ezin dute ziurtatu gazteek. Izan ere, iazko abenduaren 14an Gobela ibaian lanak egiteko proposamena onartu zuen Getxoko Uholdeen Batzordeak eta proposamen horren arabera ubidea gaztetxerantz zabalduko dute. Egun horretan bertan Udalak eta gaztetxeko kideen arteko elkarrizketak abiatu zituztela iragarri zuen Imanol Landa Getxoko alkateak, azpiegitura mantentzeko asmoz. Halere, hamar hilabete geroago, Gazteria Arloak eta Itzubaltzetaren Lagunak herri eta kultur plataformak ez dute oraingoz akordiorik lortu. Gaztetxearen etorkizuna bulegoetan eta kalean erabakitzen den bitartean, sei eguneko egitarau zabala prestatu dute Itzubaltzetako neska-mutilek, zortzigarren urteurrena ospatu eta hamaika gehiago bete nahi dituztela aldarrikatzeko. Argazkian, urtemugako egitarauaren aurkezpena / © Itzubaltzeta gaztetxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!