86 urteko agure bilbotar bat zendu zen herenegun goizean Larrabasterrako Loiola Ander Deuna kaleko zebra-bidean auto batek harrapatu eta ordu batzuetara.
Sopelako Udalak eta
Herrizaingo Sailak zabaldu dutenez, istripua goizeko 11:30ak aldera izan zen, BI-634 foru errepidean. A.B.V. izeneko gizonezkoa baselizatik geltokira joateko pasabidea gurutzatzen ari zela, Citroen C-4 modeloko auto batek harrapatu zuen, oraindik ikertzen ari diren arazoak direla medio. Gauzak horrela, agureak talka handia jaso zuen. Ezbeharreko unean inguruan zebilen mediku batek lehenengo arreta eskaini zion biktimari eta handik gutxira DYA elkarteko anbulantziak Gurutzetako ospitalera eraman zuen, pronostiko larria zuela. Bertan ere, medikuek agurea bere onera ekartzen saiatu ziren. Ahalegin guzti horiek, baina, alferrikakoak izan ziren eta ordu batzuetara gizona zendu zen. Ertzaintzak autoaren gidaria identifikatu zuen eta datozen egunotan deklaratu beharko du. Bitartean, agureari bihar, ostirala, emango diote azken agurra, Begoñako basilikan, arratsaldeko 7etan. Argazkian, pare bat ertzain trafiko kontrola ezartzen artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.