Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta makina bat jendarte mugimenduk datorren asteazkenerako, irailak 26, deitu duten Greba Orokorraren harira, Larrabasterrako Akilino Arriola kalean egoitza duen Plaza Beltza kulturguneak "Alternatibak kapitalismoaren aurrean" hitzaldia antolatu du. Hizlaria Paul Nicholson izango da, EHNE Bizkaia eta Via Campesinako kidea. Hitzordua gaur arratsaldeko 19:30ean jarri dute. Bitartean, ordu bat lehenago grebari buruzko mahai-ingurua izango da Villamonte kaleko kultur etxean, arratsaldeko 6:30etik aurrera. Antolatzailea den Algortako ezker abertzaleak jakinarazi duenez, mintzaldian honako kide hauek izango dira hizlariak: LAB sindikatuko partaide bat, Getxoko Bildu koalizioaren zinegotzi bat eta Lan Zuzenbidean aditu bat. Bertan, besteak beste, Espainiako Gobernuak ezarritako azken lege eta murrizketak zein grebarako dauden arrazoiak aztertuko dituzte. Argazkian, Paul Nicholson / cc-by-nc-sa Jean-Marc Desfilhes.