Horixe da, gure aburuz, arrazoirik garrantzitsuena eta larriena: Ezin dugu inolaz ere onartu duela 60 urtetik gora herri oso baten aurkako okupazio inmoral eta ankerra burutzen ari direnek normaltasun osoz jokatzea Europako leihaketetan, hori baita, hain zuzen, Israelek lortu nahi duena, alegia, normaltasunez agertzea.
Nola onar dezakegu Hapoel Kiryat Shmona(1) taldeko jokalariak, kolonia ilegaletan bizi edo sortuak direnak, Europa osoko estadioetan lasai asko agertzea? Eta nola liteke duela gutxira arte Israelgo zerbitzu militarrean ibilitako horiek, Palestinako biztanleei oinaze bortitzenak eragin dizkietenak, askatasun osoz ibiltzea batetik bestera Europa osoan? Ez al da akaso Europa hori askatasunen eta eskubideen defendatzaile sutsuena? Zer gertatuko da egunen batean kolonia ilegaletan egoitza duen talde bat, F.C. Ariel kasu, Europako leihaketetarako sailkatzen bada? Jokatuko al lukete gure taldeek kolonia ilegal batean?
Gainera, gogoratu behar dugu Israelek behin eta berriz diharduela trabak jartzen FIFAko kidea den beste herrialde bati, Palestinako Futbol Federazioari, alegia; eta bere jarduerarekin oztopatzen duela Palestinan futbolean normaltasunez joka dadin. Esaterako, 2006ko Alemaniako Mundu Txapelketarako sailkapenean Palestinak 8-0 irabazi zion Taiwani eta bana egin zuen Irakekin, hortaz, taldeko burua izanik, aukera guztiak zeuzkan sailkatzeko. Egoera horren aurrean Israelek traba guztiak jarri zizkien palestinarrei, eragotzi zien mugak zeharkatzea eta sailkapenerako hirugarren partidako entrenamenduak normaltasunez burutzea, ondorioz, Uzbekistanen kontrako norgehiagorako ozta-ozta bildu zituzten 11 jokalari eta ezin izan zuten behar bezalako prestaketa burutu. Azkenik, traba guztiak tarteko, Palestina ezin izan zen sailkatu. 2007ko Hego Afrikako Mundu Txapelketarako sailkapen partidetan ere gauza bera gertatu zen.
1963tik aurrera FIFAk debekatu egin zion Hego Afrikari kirol leihaketetan parte hartzea Apartheida irauten zuen bitartean. Neurri berean, Israelekin ere berdin jokatu beharko lukete, ezin dugu onartu Europako kirol leihaketetan bere polika bortitz eta odoltsuek dirauten bitartean.
Boikota da hiritarrok daukagun biderik zilegiena eta eraginkorrena erakundeen jokaera injustu eta bortitzak aldatzeko, eta bakea eta justizia bultzateko. Eta nazioarteko komunitateak Israelek burututako krimenen aurrean erakutsi duen axolagabekeria ikusita; eta “bake negoziazio” guztiek behin eta berriz porrot egin dutenez; 2005eko uztailaren 9an 160 erakunde palestinarretik gorak; Israelgo zenbait talde antisionistek lagunduta; Israelgo Estatuaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorretarako (BDZ) deia zabaldu zuten Palestinako gizartearen izenean; eta galdegin zuten boikot horri eutsi behar zaiola harik eta Israelek Nazioarteko Zuzenbidea eta Giza Eskubideen Nazioarteko Legedia betetzen duen arte.
Gaurkoan, kanpainia arrakastatsu horrekin bat eginez, dei egin nahi diegu kirolarekin zuzenean edo zeharka zerikisua duten guztiei –jokalarietatik hasita, ikusle, epaile eta entrenatzaileetara– erakus dezaten ez dutela begi onez ikusten Israelek munduko zein Europako leihaketetan parte hartzea, nazioarteko legedia betetzen ez duen bitartean.
ISRAELEK EZ DU GARBI JOKATZEN ETA GUK EZ DIOGU ONARTUKO!!
(1)- Herri horren jatorrizko izen palestinarra AL-KHALISAH da. 2134 biztanle zituen 1948, orduan Maiatzaren 11n, talde sionista armatuek (Hagana) erasotu zuten, eta NAKBAren urtean Palestinako beste zenbait herritan gertatu zen bezala, garbiketa etnikoa ezarri zuten. Gaur egun, orduko herritik eraikin bakarra geratzen da, sarraski haien lekuko. 1950ean Europatik joandako sionistek Kyriat Shmoma kolonia sortu zuen herriaren hondarren gainean.
BDZ Taldea (Bizkaiko Palestinarekiko elkartasun taldea) eta Euskal Herria-Palestina Sarea