Sententziak onartzen du inguruko etxeetako barruetan egindako neurketetan pistaren erabilerak eragindako zarata-mailak legeak baimendutako neurriak betetzen dituela baina halere beharrezkotzat jotzen du eragozpenak murrizteko Getxoko Udalak kalean zarataren maila gutxitzeko neurriak har ditzan. Horren aurrean tokiko erakundeak ingurunean integratuta egongo diren pantailak jarriko dituela iragarri du.
Imanol Landa Getxoko alkatea pozik agertu da epaiagatik, "helegitearen zati bat aintzat hartzen badu ere, gazteen gozamenaren eta auzotarren atsedenaren arteko oreka bultzatuz jarraitu beharra daukagula agerian ipintzen baitu berriro". Landak gaineratu du Gobernu Taldeak "beti apustu egin" duela "eta egingo du gazteen auzo propioen alde, haien jarduerak egin eta aisialdiaz goza dezaten”.
Getxoko PSE-EEk Areetako Mesedeetako Amaren kaleko skate pistaren aurka jarritako salaketaren zati bat bere egin du Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 3. Epaitegiak eta aipatu kirol azpiegiturak sortzen duen zarata murrizteko neurriak hartzea eskatu dio Getxoko Udalari. Halere, Udalak edalontzia erdi beteta ikustea nahiago izan du eta aldarrikatu du "auzitegiek abala eman diotela Areetako skate pistaren kokalekuari". Izan ere, eskaririk gogorrena zen ekipamendua lekuz aldatzea neurriz kanpo ikusi du magistratuak. "Epaiak, hortaz, Mesedeetako Amaren kaleko gune hark auzoko gazteen jolas-jarduerak egiteko ekipamendu hori arazorik gabe har dezakeela berresten du", azaldu dute tokiko erakundetik. Halere, Udalak onartzen du auzitegiak "kalean gertatzen diren zaratak ahalik eta gehien gutxitzeko neurriak hartzea" eskatzen diola eta baita neurri horiek gauzatu artean pista ixtea. Getxoko Udalak epaiaren zati horri helegitea aurkeztuko dio eta sententzia irmoa den bitartean ez du pista zarratuko. Argazkian, 2009ko maiatzaren 20an Getxoko PSE-EEko zinegotziek eta zenbait auzokidek skate pistan parkea egiteko eskaera aurkeztu zuten prentsaurrean.