Lizentzia izango duen jakiteko gehiago itxaron beharko du justuri irratiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ira. 20a, 22:47

Pasa den apirilaren 11n, Uribe Kostan FM lizentzia bat izateko eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari Justuri irrati euskaldunak. Kultura Sailak zabaldutako lehiaketarako dokumentazio guztia Areetako postetxean aurkeztu zuen egun hartan euskalgintzako egitasmoak. Hamalau elkartek sortutako ekimenak Eusko Jaurlaritzak Uribe Kostako euskaldunei lau lizentzietatik bakarra gordetzea salatuta zuen aurreko egunean, baina eskualdean diren ia 100.000 euskaldun aktibo zein pasiborentzat kalitatezko irratia sortzeko asmoz, gustuko ez zuen lehiaketan sartu zen. Printzipioz, lehiaketaren emaitzak urriaren 11 baino lehen ematea aurreikusita zeukan Jaurlaritzak, baina pasa den astean, epai-mahaiari erabakitzeko beste sei hilabete ematea onartu zuen Gobernu Kontseiluak. Pasa den ekainean, Justuriren txostenak eta beste hamaikak lehiaketan parte hartzeko baldintza guztiak betetzen zituztela jakin zen, Cope irratia bazterrean gelditzen zen bitartean. Argazkian, pasa den abenduaren 1ean aurkeztu zuten Justuri irrati egitasmoa.

Uribe Kosta eta Erandioko euskalgintza eta kulturgintzaren hamalau elkartek indarrak batu dituzte Justuri (tximista, bertoko euskaraz) irrati euskalduna sortzeko. Irrati hori lortzeko, auzolanean murgildu eta bazkidetza kanpainari ekin diote. Izan ere, "Uribe Kosta eta Erandioko elkarte kolektibo eta pertsona guztiek ateak irekita izango dituzte proiektuan parte hartzeko", Amaia Arriaga ekimeneko bozeramaileek adierazi zuenez. Egitasmo berriari bere ondare guztia eman zion Koska irratiak.

Ekimeneko antolatzaileek zabaldu dutenez, irratia multimedia, parte-hartzailea, euskaldun eta tokikoa izango da, komunitateari zerbitzu publikoa eman eta Euskal Herriko beste irratirekin elkarlanean arituko dena. Oraingoz honako eragileek osatu dute talde sustatzailea: AEK, Aitxu! Sopelako euskara elkartea, Algortako Bertsolari Eskola, Berbalamiñe Leioako euskara elkartea, Betiko ikastola, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, Erandion Euskaraz Berbots!, Jose Antonio Agirre euskaltegia, Koska irratia, UK aldizkaria, Ukberri.net, Plaza Beltza kulturgunea, eta Aztibegia eta Talaieta irratizaleon elkarteak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun