Sektore publikoari dagokionez, murrizketen jo puntuan dagoen sektorea izanik ere, "oso esanguratsuak dira sektore ezberdinetako langile batzordeek, enpresa batzordeek edota sail sindikalek greba deialdiari emandako sostengua eta atxikipena", sindikatuek egindako balorazioaren arabera. Horrela, hezkuntzan, osasungintzan, administrazio orokorrean, toki eta foru administrazioan, garraioan edota menpekotasuna artatzeko zerbitzutan jasotako atxikimendua azpimarratu dute deitzaileek.
Murrizketarik ez
Horrekin batera, nabarmendu dute atxikimendu horietako "asko eta asko aho batez eman izan direla eta gailendu nahi dugu grebarekin bat egiten ez duten sindikatuetako delegatuen jarrera euren lan zentroetan oso bestelakoa dela zuzendaritza hauek izan dutenarekin konparatuta. Izan ere, hainbat kasutan deialdia ez oztopatzeaz gain, bestetan baiezko botoa ere jaso du", azaldu dutenez.
Langileen artean inposizio eta erreforma guztiei erantzuteko premia nabarmen ikusten dela argi dute sindikatuek. Horregatik, "berriro ere" behargin denei 26an kalera irtetera animatu diete, "Euskal Herrian murrizketarik ez dugula onartzen ozen aldarrikatu dezagun".
Bestetik, enpresa eta lan zentroetan asanbladak eta bozketak egiten ari dira grebara irteteko asmoz. Momentuz datuak grebaren aldekoak dira oso, nahiz eta bozketa gehienak gaur, astelehenean eta asteartean izan arren. Horrenbestez, greba arrakastatsua aurreikusten dute, eskualdez eskualde eta sektorez sektore geroz eta atxikipen gehiago jasotzen ari baita grebaren deialdia.
Greba orokorra "Madrildik Euskal Herrian inposatu nahi diren murrizketa guztien kontrako aldarri zabala" izango delakoan daude, "bai grebara irtengo diren milaka eta milaka langileren konpromisoagatik, bai eta kaleak beteko dituen mobilizazio sozial erraldoiagatik". Erasoei buelta emateko eta bestelako politika batzuk aldarrikatzeko mobilizazio soziala ezinbestekoa dela azpimarratu dute.
Manifestazioa bihar Bilbon
Hori dela eta, herritar guztiak berriro deitu dituzte bihar, larunbatean, Bilbo, Donostia eta Gasteizen (pasa den ostiralean Iruñean egin bezala) kalera irten daitezen. Bilboko hitzordua arratsaldeko 5:30ean jarri dute Jesusen Bihotz plazan. Mobilizazio horretan ere, grebara deitu duten sindikatu eta eragileek "euskal langileen eta gizartearen eskubideekiko dugun konpromisoa zein eta eraso guztien aurrean irmo aritzeko konpromisoa berretsiko dituzte.