Sopelan herri-lasterketa goizeko 11:00etan hasiko da Udaletxe plazan, eta adinaren arabera kategoria ezberdinak banatuko dira: 0-6 urte (200 metro), 7-11 (500 metro), 12-17 (1000 metro) eta 18 urtetik gora (4500 metro). Izena bihar bertan eman ahal izango da. Haurrei dagokienez, "euskaraz bizi nahi dut" kamiseta eskuratu nahi baldin badute, zazpi euro ordaindu beharko dute eta kamisetarik gabe, ostera, euro bi. Helduen kasuan ere aukera bi egongo dira: kamiseta eskuratu nahi izatekotan hamar euro ordaindu beharko dituzte eta bost euro berriz, kamisetarik hartzen ez baldin badute.
Kontseiluak adierazi duenez, "garai berri hau euskararen garaia izango dela bermatu behar dugu denon artean. Orain herritarron aukera da, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko erabaki sendoa erakusten badugu, euskaraz bizitzeko baldintzak lortuko ditugu, eta berandu baino lehen euskaraz biziko gara, herri hau euskaraz biziko da. Ez da ametsa, gure nahia baizik!".