EHUko Ikasleen Kontseilua: "Ikasturte hasierari buruzko gogoetak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ira. 24a, 20:17

EHUren 2012-2013 ikasturte-hasiera emozioz eta berri onez beteriko ekitaldia izan zen (eta hori ez dator bat ere gaizki bizi ditugun garaiotan). Arretaz jarraitu genituen hitzaldi instituzionalak. Lehendakariak, errektoreak, sailburuak eta idazkari orokorrak Unibertsitateak azken lau urteetan izan dituen aurrerapausoen nondik norakoak aztertu zituzten: ikerketa, Shanghaiko sailkapena, bikaintasuna, nazioartekotzea, kudeaketa ekonomiko bikaina... Datuok ikusita, zalantzarik gabe batek baino gehiagok nahiko luke datorren Eusko Jaurlaritza unibertsitate-komunitateak zuzentzea. Hala ere, eta gure Unibertsitatea garatzea ahalbidetzen duten eragile guztiek egiten duten itzelezko lana gutxietsi gabe, unibertsitateko ikasleontzako oso kezkagarriak diren hainbat arazoren aurrean buruzagi nagusiek erakusten duten moteltasunak eragiten digun ezinegona erakutsi nahi dugu.

Pertsonak eta balioak

Ikerketaz, makinerian egindako inbertsioaz, azpiegiturez, sailkapenez, portzentajeez eta antzekoez diharduzue, baina non geratzen dira baloreak? Pairatzen ari garen krisi izugarri honek jatorri bakarra duela gogorarazi nahi dizuegu, baliorik eza, hain zuzen. Balioen gabezia horrek pertsonak hezi beharrean munstroak heztea ekarri du, mozkinak kosta ahala kosta maximizatzea beste helbururik ez duten munstroak, alegia. Diru-gosea. Gardentasunik eza. Gezurra. Elkartasunik eza. Horiexek krisia eragin duten balioak.

Hala ere, denborak bakoitza bere tokian jartzen du eta orain guri dagokigu besteen hutsak ordaintzea. Ikerketa ezinbestekoa da. Baita munduaren aurrean agertzea ere. Baina askoz garrantzitsuagoa da ikasle eta ikertzaileok etikaz eta arduraz guztion onerako lan egin ahal izateko aukera emango diguten balioetan oinarritutako kalitatezko hezkuntza jasotzea.

Murrizketak

Guztiok dakigu gerrikoa estutu behar dugula. Horrenbestez, gurekin gardenak eta zintzoak izatea nahi dugu. Litekeena da zuekin bat ez etortzea eta murrizketen politikarekin ados ez egotea, baina ez iezaguzue iruzurrik egin “doikuntzak” direla esanda. Mesedez. Matrikulen prezioak bai egin du gora (% 30 batez beste, baina baita % 70 ere zenbait karreratako bigarren matrikularen kasuan). Bekek beren horretan daramatzate hiru urte, eta horiek lortzeko baldintzak asko gogortu dira hori bidezkoa dela adierazten duen inolako azterketarik egin ez bada ere. Zuek defendatzen duzue hori guztia “estatuan baino hein txikiagoan” gertatzen dela hemen, eta ez dugu hori ukatzen; baina murrizketak Euskadira ere iritsi dira eta kontrakorik esatea gezurra esatea da.

Unibertsitatea ez da uharte bat

Lehenengo puntuan UPV/EHUk arlo ezberdinetan egindako hobekuntzez aritu gara: irakaskuntzako berrikuntza bultzatzea, gradu ondoko eskaintza zabalagoa, ikerketa gehiago… Baina honakoa gogorarazi nahi diogu dagokionari: eskuragarri ez baditugu (eta ez matrikulen prezioagatik soilik), berrikuntza horiek ez dute ezertarako balio; ez du ezertarako balio kutxa gotorrean diamante bat izateak gero jendaurrean erakutsi ezin bada. Unibertsitatearen inguruan dauden garraio- eta etxebizitza-baldintzak ez dira hobetu; ez dago hitzaldietan hainbeste aipatzen den garraio publikoa bultzatuko duen aparkamendu-politika definitu eta koherenterik. Eta hain zuzen halakorik ez dagoelako, auto konpartituaren erabilera bultzatzeko egin genuen proposamenaren alde egin behar izan zuen joan den urtean UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak. Apustu berria egin behar da, izan ere, aparkalekuak ez lirateke unibertsitateko langileentzat izan beharko, garraio publikoa erabiltzeko aukerarik ez dutenentzat baizik, langileak edo ikasleak diren kontuan hartu gabe. Campus arteko garraioari heltzeko beharra ere erakundeen berehalako esku-hartzea eskatzen duen premiazko kontua da. Baina dauzkagun gabeziak ez dira garraio arlokoak bakarrik; behar duten ikasleek ez dute, ezta ere, arrazoizko alokairuak dituzten etxebizitzarik eskuragarri. Zerbitzuok eskaintzen zentra gaitezen, eta ez gaitezen ikerketarekin eta irakaskuntza behar beste baloratzen ez duten sailkapenetan sartzearekin obsesionatu. Gure Unibertsitatea txarragoa izango al da datorren ikasturtean Shangháiko sailkapenean sartzen ez bada? Nire ustez Unibertsitatea irakasten dituen balioen kalitatearen arabera neurtu behar da, ez sailkapen batean edo bestean duen tokiaren arabera.

Nazioartekotzea

Azkenik, ez dugu “nazioartekotzea” kontzeptuaz hitz egiteko aukera galdu nahi, azken aldian horren ezaguna den kontzeptu horren atzean errealitate arriskutsua ezkutatzen baita. Unibertsitate munduan, nazioartekotzearen kontzeptu hori ikerketarekin eta, kasurik onenetan, gradu ondoko prestakuntzarekin lotu ohi den kontzeptua izaten da. Hala ere, unibertsitateen nazioartekotzea modu globalean ulertu beharko litzateke: langileria osoaren -AZL eta IIL- eta, nola ez, ikasleen mugikortasuna bultzatu beharko litzateke irakaskuntzako, ikerketako eta kudeaketako lankidetzaren bidez.

Gradu eta master ikasketetarako mugikortasun-programak izan beharko lirateke nazioartekotzearen oinarria, eta gaur egun oraindik asko dago inbertitzeke alor horretan. Ez da nahikoa beste unibertsitate batzuekin hitzarmenak sinatzea. Nabarmen hobetu behar da diru-laguntzen eta beken politika eskasa. Mundu globalizatuan ezinbestekoa da irtetea, mundua ezagutzea, munduari ekarpena egitea… Baina gure ustez egungo politikek ez dute nazioartekotzearen alderdi globala sustatzen; aitzitik, jatorrian talentua galtzea ekartzen dute. Enplegua aurkitzeko ezintasuna dela eta, gazteok gure herritik alde egitera behartuta egoten gara. Gure enpresak atzerrian ezartzen ari dira eta ez dugu emigratzea beste aukerarik izaten. Nazioartekotzearen xedea beste toki batzuetara joan eta hangoa (bai ona zein txarra) ikasi ondoren bueltatu eta berton aplikatzea izan behar da. Horixe da nazioartekotzeak bere helburua betetzeko modu bakarra, eta horretarako gure unibertsitateen erabateko inplikazioa eskatzen dugu.

Enplegagarritasuna

Unibertsitateak prestakuntza akademikoan zentratu izan dira orain arte. Oso prestakuntza teorikoa ematen izan da praktikari garrantzi handiegirik eman gabe. Garaiak aldatu egin dira eta Unibertsitateek ere hala egin beharko lukete. Unibertsitateak inork baino hobeto jakin beharko luke ikasleak nondik datozen eta nora doazen. Horixe da eskaintza enpresen eta gizartearen eskakizunetara moldatzeko modu bakarra. Hitz batez, malgua izan behar da. Eta badirudi azken urteetan sustatu dela alderdi hori, baina oraindik asko dago egiteke. Gure Unibertsitateak estrategia globala ezarri behar du unibertsitate garaitik unibertsitate osteko fasera igarotzeko aldaketa traumatikoa izan ez dadin. Azken finean, dagoeneko mintzatzen gara “bizitzan zehar hezkuntza” jasotzeaz, eta hori ez da aspalditik egiten dena arautzea besterik, hau da, heziketaren ikuspuntutik moldatzea gizarteak dituen eskakizunetara. Baina hori lortuko bada, erakunde publikoek egoerak eskatzen duen mailan jokatu behar dute. Horixe da aurrean dugun erronka.

EHUko Ikasle Kontseilua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun