Urdulizko Udalak uste du, beraz, funtsezkoa dela ikastetxea handitzeko lanei ahalik eta arinen ekitea, Urdulizko familien seme-alabek kalitatezko hezkuntza-eskaintza izan dezaten euren herrian bertan. Ondorioz, "lehentasunezko proiektua" da Udalarentzat, eta halaxe jakinarazi dio Hezkuntza Sailari, instituzio hori baita handitze-lanak kontratatu eta betearazteko ardura duena. Baina Udalaren jarduna harago joan da, lehentasunezko izaera horrekin bat etorriz.
Aurtengo udan, Udalak eraikin zaharra eraitsi du. "Izan ere, guztiz hondatuta eta erabilerarik gabe zegoen, bertan ezin baitzen eskolarik eman, gaur egungo beharrizanen arabera", adierazi dutenez. Lan mota honen gastuak Eusko Jaurlaritzari dagozkio, eta, zehatzago esateko, Hezkuntza Sailari, "baina ikastetxea handitzeko proiektua luzatu eta atzeratu ez dadin, Udalak erabaki du gai horretaz arduratzea" eta lanen kostua ere (58.900 euroan lizitatua) bere gain hartu du, lanak bizkortzeko eta partzela hori Eusko Jaurlaritzak dagoeneko libre izan dezan; modu horretan, Jaurlaritzak ikastetxea handitzeko lanak egin ahal izateko. Ikastetxea handitzeko premia handia dago, eta Urdulizko Udalak beharrizan horri erantzun nahi izan dio, ahal den heinean epeak eta tramiteak laburtuz, higiezin berria eraikitzeko lanak ahalik eta arinen has daitezen.
Handitzeak ez omen die konplikaziorik ekarriko eraikitze-lanei; izan ere, oraingo eraikinari (futbito-zelaia hartzen duen patio-zatiaren karpa pean kokatzen dena) atxikitako gunea sortuko da. Beraz, bloke horri eraikin berria erantsiko zaio, pabiloi zaharra eraitsi ostean libre geratu den lekuan.
Patioaren itxitura
Etorkizun hurbilarekin pentsatuz lan egiteaz gain, Udalak ikastetxearen oraina "zaintzen" jarraitzen du. Hori dela eta, une honetan, estalita dagoen patio-zatia ixteko lanak amaitzen ari da. Hain zuzen ere, jolas-orduetarako patioa beira-pabesarekin eta hormigoiarekin ixten ari dira iparraldetik eta ipar-mendebaldetik; izan ere, euria egiten zuenean ura sartzen zen, eta leku batzuk bustita geratzen ziren. Ondorioz, eskola-umeak labaindu egiten ziren, eta instalazio hauetan entrenatzen duen Urduliz Eskubaloi Klubak ere ezin zuen kantxa erabili. Udal ekimen honi esker (57.000 euroko kostua dauka), laster uneoro erabili ahal izango da patio osoa, eguraldia edozein dela ere.