Patxi Sainz zuzendariaren esanetan, "ikastetxeak betikoa izaten jarraitzen du, baina eraikinak dimentsio berri baten jartzen gaitu: zentro bezala hazi nahi dugu eta gure eskaintza eta ikerketak irakaskuntza teknikoen lehen lerroan jarri nahi dugu. Azpiegitura berri honetara egokitzeko denbora bat beharko dugu, baina nabarmenak izango dira laster toki berri honen abantailak". Bere aldetik, Itziar Aranguiz MHLITUEko zuzendariak adierazi duenez, "eraikin berri honek, polo teknologikoa osatzen dugun zentroetako bai ikasle zein irakasleen artean lankidetza sustatzeaz gain, ikuspena emango digu zentro bezala eta, hemendik aurrera, ingeniaritzetaz hitz egiten denean gutaz ere hitz egingo da".
43.418 metro koadroko azalera
Eraikina César Azkaratek diseinatu du eta 43.418 metro koadroko azalera dauka, beheko solairua gehi bederatzi pisu eta soto bitan banatuta. Horietatik 28.084 metro koadro IITUEri dagozkio eta 13.563 metro koadro MHLITUEri. Guztira, eraikinak 56 ikasgela, 27 mintegi, 7 ikasketa-gela, 238 bulego irakasleentzat, 9 bilera-gela, irakaskuntzako 45 laborategi, ikerketako 26 laborategi, eta baita zuzendaritzarako, administraziorako eta zerbitzuetarako espazioak ere (areto nagusiak, batzar gelak, gradu gela, ikasleen elkarteentzako lokalak, teknikarientzako bulegoak, eta abar).
Kanpoko fatxadari dagokionez, egoitza berriak arkitekturaren, eraikinaren bolumetria eskultorikoaren eta Eduardo Chillidak sortutako UPV/EHUko logotipoaren plastikaren arteko elkarrizketa osatzen du. Kanpoko azalak, urre-koloreko xafla zulatuak, unibertsitatearen logotipoa integratzen du eta batasuna ematen dio eraikin osoari, bere neurri eta eskala handiak ezkutatuz (beheko aldea gehi 9 solairu ditu eraikinak).
Eraikinaren diseinuan jasangarritasunaren aldeko hainbat neurri ezarri dira. Hain zuzen ere, euri urei probetxua ateratzeko sistema, eguzki panel termikoak, argiztapen irizpide jasangarriak eta tenperatura txikiko galdarak jarri dira. Guzti horrekin, urtero 900.000 kg. CO2 isurtzea saihestuko da eta, gutxi gora behera, energiaren kontsumoan 201.000 euro aurreztea suposatuko du.
Carmelo Garitaonandia EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordearen iritziz, "eraikin berri hau martxan jartzearekin agintaldi honetako ardatz estrategikoetako bat bete dugu: gure unibertsitatearen polo teknologikoa sendotzea. Eremu berri honen kohesioak, ezagutzaren arlo honetan, bai irakaskuntzan zein ikerkuntzan ere, sinergia berriak ezartzea ahalbideratuko du. Hortaz gain, arkitektura lan honek UPV/EHUk Bilbon duen presentzia ere sendotu egiten du".
41,4 milioi euro
Eraikinaren kostua 41,4 milioi eurokoa da eta UPV/EHUk eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dute, Industria Ingeniaritza Teknikoko eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko eskolen eraikina eta Leioa-Erandio eremuko Irakasleen eskolaren eraikina egiteko erakunde biek izenpetutako akordioaren barruan (65 milioi euro guztira). Eusko Jaurlaritzak utzi du antzinako Erakusketa Azokaren lursailaren %9, IITUEren eta MHLITUEren eraikin berria egingo den orubeari dagokiona.