Gaur 17:00etan hasiko den udal batzarrerako bi mozio aurkeztu ditu
Getxoko Bilduk. Batean, biharko, euskal sindikatuek eta zenbait eragile sozialek deituriko greba orokorrarekin bat egiteko eskatuko diote Udalari. Bestean, publizitatea kontratatzeko orduan, tokiko erakundeak irizpideak zehaztu eta bertako komunikabideak erabil ditzan proposatuko dute. Greba orokorrari dagokionez, Getxo udalerrian 4.504 langabetu daudela gogoratu du koalizio independentistak, hau da, "getxoztarren %5,6ri ukatzen zaio lan egiteko eskubidea, eta horrekin batera bizitza normalizatu bat egiteko aukera". Halaber, Getxoko Bilduk dioenez, 2011n 161 establezimenduk beren ateak itxi zituzten. "Horren aurrean, Udalak, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundeak, langile, dendari, ostalari eta, bereziki, prekarietate edo bazterketa-egoeran daudenen eskubideen aldeko bozgorailu izan beharko luke", koalizioaren ustez, greba orokorrari babesa emanez. Argazkian, martxoaren 29ko greba orokor egunean, 500 lagun inguruk egin zuten manifestazioa arratsaldez Algortan.