Bihar, asteazkena, greba orokor eguna, 13 lagun epaituko dituzte Bilbon, 2008ko urtarrilean Leioa eta Erandioko campusean Bolognako prozesuaren aurka izandako protesten harira.
Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak adierazi duenez, lau hilabeteko espetxe zigorra jarri nahi diete, desordena publikoa egotzita. Egun horretan, klaustroa eten zuten hainbat ikaslek. Istiluak izan ziren protestaren harira, eta, ondorioz, hamahiru ikasleok auzipetu egin dituzte. Ertzaintzaren oldarraldia salatu zuten ikasleek orduan, eta salaketa hori berretsi dute orain. Ikasle Abertzaleek babesa agertu nahi izan diete bihar epaituko dituzten ikasleei. Epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute, eta EHU bera jo dute epaiketa horren erantzule nagusi. "EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak baimendu baitzuen Ertzaintza campusean sartzea eta ikasleen kontra oldartzea", nabarmendu dute IAko kideek. Unibertsitateari bere ikasleen alde egin dezala eskatu diote. Argazkian, Ertzaintza campusean, artxiboko irudian.