Greba orokorrerako deialdian "segurtasuna zaintzeko" asmoz, Herritarren Segurtasunerako Alorreko eguneko hiru lan-txandak osatzen dituzten agente guztiak mobilizatuko ditu Ertzaintzak, Brigada Mugikorra eta Indartzeko Brigada barne. Bost mila agente astearteko azken orduetan eta asteazkenean lanean arituko dira, "gerta daitezkeen ordena publikoko gorabeherak eragozteko", Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Baliabide horiei beste unitate espezializatu batzuetako baliabideak gehituko zaizkie, operatiboak eta ikerketakoak barne. Agente guztiek arreta berezia jarriko dute bereziki esanguratsuak diren leku eta ordutegietan, hala nola, industrialdeetan sarrera-orduetan, komunikazio-bideetan, ikastetxeetan, garraio publikoko terminaletan, merkataritza-zentroetan, eta abar. "Horrela, herritarren erabaki librea hertsatzeko indarkeria erabil dezaketen piketeen ekintzak eragozten ahaleginduko dira agenteak", Herrizaingo Sailak gaineratu duenez. Beraien hitzetan, "polizia ahaleginaren premisa nagusia hau izango da: lanera joan gura dutenek eskubide hori erabili ahal izatea, bai eta grebarekin bat egin gura dutenek ere". Argazkian, pikete informatiboa eta ertzain-patruila aurreko greban.