Ostegun honetan, hilak 27, Mikel Etxaburuk idatzitako "Zu zara orain txoria" liburuan oinarrituz, poesia errezitaldi musikatua izango da Erandioko
Kalezulo gaztetxean. Menua 5 eurotan egongo da eta hitzordua 20:30ean jarri dute. Erandioko Gazte Asanbladak (EGA) martxoan ekin zion "Afari akustikoak" izeneko ekimenari. "Hilean behin afari lasai eta zuzeneko emanaldi desberdinez gozatzeko aukera eskaini nahi diogu herriari", azaldu dute tokiko neska-mutilek. Horretaz gain, oraindik bertaratu ez direnentzat, Kalezulo gaztetxea ezagutzeko aukera paregabea izan daitekeela uste dute EGAkoek. 2011ko urriaren 23an
aurkeztu zuten zentro sozial autogestionatu berria Altzagako Jose Luis Goioaga kaleko 11. zenbakiko Faro enpresa ohian. Hurrengo egunean, dozena bat udaltzainek epaile agindurik gabe atea bortxatu, sartu eta barruko materiala bahitu zuten.
Gaztetxea itxi bitartean, kanpoan hiru gazte identifikatu zituzten, gerora epaitegian salatu zituztenak. 48 orduren bueltan, gazteek
Kalezulo zabaldu zuten berriro. Handik hilabete batzuetara,
auzia artxibatu zuen epaileak. Kalezulo gaztetxea aurkezteko
prentsaurrekoa otsailaren 15ean egin zuten. Argazkian, apirileko afari akustikoa / © Kalezulo gaztetxea.