LAB: "Greba indargabetzeko asmoz, jada gehiegizkoak ziren zerbitzu minimoak are gehiago gogortu dituzte"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ira. 25a, 19:17

Irailaren 26ko greba dela eta, bermatu beharreko zerbitzuei buruzko Agindua jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailak. Aurreko grebetako Aginduak gehiago okertuz (beharbada deialdi hau hauteskunde testuinguruan izateagatik), are atzerakoi eta murriztaileagoa da. Era honetan, agindua grebarako bi egun baino falta ez direnean plazaratzeak defentsarako aukerarik gabe uzten ditu grebaren deitzaileak. Nabaria da Jaurlaritzaren erabakiak greba egiteko oinarrizko eskubidea galarazi nahi duela, eta deialdiaren hedapena eta eragina mugatu. Beste behin, Jaurlaritzak agerian utzi du aginte ekonomikoekin duen harreman estua, eta beren eskubideak etengabe urraturik duen jendartearen aldarrikapenak isilarazteko helburuaz mugitzen dela. Greba Orokorra deitu dugun sindikatuok agindu honen kontrako helegitea aurkeztuko dugu. Agindua behin-behinean bertan behera uztea eskatu da, gutxienezko zerbitzuak ezartzerakoan ez baitu behar bezalako argudiorik erabili. Argazkian, LABeko ordezkariak Lanbideren Areetako bulegoen aurrean, martxoaren 29ko greba aurretik.

Aginduak garraio sektorean zerbitzu eta maiztasunen %30a bermatu behar dela dio. Kasu honetan, 24 ordutako greba izanda, erabat gehiegizkoak suertatzen dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak. Agindu hau aurrekoak bano atzerakoiagoa da greba hasten denerako hasitako zerbitzuak bete behar direla ezartzen duelako. Bestalde, gasolindegiei buruz ezarritako %30a, Estatua berak ezartzen duena baino handiago da.

Aipagarria da adinekoen egoitzetarako gutxiengo zerbitzuetan jaso den aldaketa. Izan ere, igande eta jai egunetako zerbitzu berberak eskaintzera behartzen ditu dekretu berriak. Honek praktikan esan nahi du egoitza horietan langile bakar batek ere ezin izango duela grebarik egin; honenbestez, Patxi Lopezek kolektibo honetako greba eskubidea guztiz urratzen du, eta kolektibo hau nagusiki emakumeek osatzen dutela kontuan hartuta emakumeen greba eskubidearen kontrako eraso zuzena da.

Bereziki larria da hezkuntza eremuan harturiko erabakia. Oraingoan ere gutxieneko zerbitzuak ezarri dira hezkuntza arloan ikastetxeen irekierara behartuz. Ulertezina da hezkuntza funtsezko zerbitzutzat jotzea egun bateko greban eta zentro guztiak irekitzera behartzea. Erabaki honekin hezkuntzako langileen greba eskubidea larriki urratzen da eta egun horretan eskolara gerturatzen diren ikasleen segurtasuna bera ere zalantzan jartzen da.

Haurreskolei dagokienez antzekoa esan behar da, non irekiera bermatzea eskatzen den nahiz eta pertsona bakarra izan. Honek zentro txikietan -sare honetako kopuru handiena- grebarako eskubidea erabat urratzea esan nahi du, izan ere, zentro hauetako eguneroko plantillan langile bakarra baitago.

Osakidetzari dagokionez, berriro gehiegizko zerbitzuak ezartzen ditu hainbat gunetan, Bilbokoan esaterako, osasun zentro guzti-guztiak irekiarazteraino.

Dekretuari gehiegizko deritzogu, besteak beste, okerreko abiapuntua hartzen duelako. Etengabe berdintzen dira oinarrizko eskubide den greba eskubidea konparaezina den lanerako eskubidearekin. Eta ondorioz, lehenak duen babes berezia urratzen du Gobernuak.

Horrez gain, langile guztiei dei egiten diegu agintekeria eta greba indargabetzea ahalegin hauen aurrean indartu daitezen, eta mobilizazioa eta borroka bidez irailaren 26ko greba egun arrakastatsua izan dadin.

LAB sindikatua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun