Gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoa hezkuntza mailan hamaika murrizketa ari da eragiten, eta hezkuntzaren pribatizazioak tendentzia hori azpimarratzeko dator. Bide honetan hezkuntzak eskubide unibertsala izateari utziko dio.
Gainera, ez da kasualitatea justu euskal gehiengo sindikalak murrizketen aurrean mobilizatzeko deia egiten dutenean, hau da, greba orokorrerako deialdia irailaren 26rako deituta dagoenean, epaiketa hau gauzatu izana. Hauxe baita hurrengo langileriako belaunaldia osatzeko deituta daudenak zigortzeko epaiketa, hain zuzen ere.
Belaunaldiz belaunaldi ikasleek haien eskubideen alde borrokatzeko dinamika desberdinetan murgildurik izan dira. ELEAKek eskubide zibil eta politikoen defentsarako plataforma den aldetik, ikasleekin eta haien aldarrikapen justuekin bat egiten du. Ikasleak ez ditugulako bakarrik utziko eta haiekin batera, haien eskubideen alde, altxatuko dugu gure ahotsa.
Unibertsitatea ezin da bihurtu ikasleak zigortzeko eszenatokia. Unibertsitateko ordezkariek ezin dute inposaketaren bidez joko-arauak aldatu, UPVko ikasleentzako barne araudia aldatzean, ikasleak haien aldarrikapenak adierazten dituzten moduengatik gogor zigortuz. Ezin dute Campusak militarizatu eta ikasleen kontra arautegia gogortu. Segurtasun pribatua, polizia antidisturbioak… soberan daude gure Campusetan. Gogora ekarri behar dugu baita ere, 2009an Iñaki Goirizelaia Errektoreak eta Aresek zuzentzen zuen Barne Sailak eginiko akordioa, zeinaren arabera Unibertsitateko kamerek grabatutakoa eta poliziaren sarbidea unibertsitatera barne sailak kontrolatzen dituelarik.
Hamahiru ikasle daude egun auzipetuak. Guztiei “desordena publikoak” leporatzen diete eta honen ondorioz 4 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen die fiskaltzak. Arazo hau bi eratara konpon daiteke, unibertsitate komunitate osoaren eztabaidarekin, ikasleak barne, edota gaur egun arte bezala, poliziaren bortizkeria erabiliz.
Euskal Herria aro berri bat bizi izaten ari den honetan, Unibertsitate eremuan ere elkarrizketa eta negoziazioa bihurtu behar dira lan tresna nagusiak beren baitan elkarbizitzen diren subjektu desberdinentzako.
Beraz, hainbestetan adierazi dugun bezala, zabal dezagun Matrioskaren sabela beste behin ere eta bere barrenean sar ditzagun kasu honetan hain eskubideak zapalduak dituzten ikasleak. Auzipetuta dauden hamahiru ikasleren aurkako epaiketa alde batera utz dadin eskatzen dugu eta, konkretuki, errektore jaunari bere ikasleen alde egin dezan eskatzen diogu. Horrez gain, kamerak zein Campuseko segurtasun indar pribatuak ken ditzan eskatzen diogu, baita Barne Sailarekin egindako akordioa bertan behera utz dadin ere.
Unibertsitatean, jakituria eta eztabaida-gune nagusiaren egoitzan, eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izan daitezen.
Bizkaiko ELEAK mugimendua