Telletxe plazan gosaldu ostean, Algortako kaleetan barrena abiatu dira 40 bat lagun gaurko greba orokor egunean. Banketxeak eta supermerkatuak ixtea zeukaten helburua, saltoki txikiak alde batera utziz. Hala ere, herri erdialdeko denda eta taberna ugari zarratuta zeuden oraindik goizeko 11etan (Orduan abiatu dira grebalariak Bilboko manifestaziora bidea, autoz edo bizikletaz). Algorta behealdean, ordea, saltoki gehienak zabalik zeuden. Horrenbestez, banan-banan sartu dira pikete informatiboko bizpahiru lagun irekita zeuden banketxe eta supermerkatuetara, greba orokorrarekin bat egitera gonbidatuz. Batzuk pertsiana jaitsi dute (une batez). Beste batzuk, ordea, "ezin zutela" esan eta zabalik jarraitu dute. Orduan piketeko kide guztiak sartu dira txilibituak joz eta "Gaur greba orokorra!" oihuen artean. Uneoro Ertzaintzaren patruila eta Patrol bana izan dituzte atzetik grebalariek, baina ez da gorabehera nabarmenik izan. Argazkian, piketea eta ertzainak Torreneko Erkoreka supermerkatu alboan.