Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, greba eguneko lehen orduetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen ari direla adierazi du Metro Bilbaok. "El Correo Español" egunkariaren arabera, ordea, "goizeko 8etan %60ko zerbitzua" ematen ari zirela esan du garraio enpresak, "nahiz eta ordu erdiko atzerapenak sortu". Trenen ordutegian beraien webgunean kontsultatzeko gomendatu die bidaiariei Metro Bilbaok. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak herenegun goizean jakinarazi zituen greba orokorrean bermatu beharreko gutxieneko zerbitzuak. Gainera, Jaurlaritzak zehaztu zuen gutxieneko zerbitzuak, ahal den neurrian, greba egiteko asmorik ez duten langileek bete beharko direla. Besteak beste, garraioen %30ek funtzionatu beharko dute derrigor, lanera joateko eta itzultzeko ordutegiak aintzat hartuta. Sindikatuek, ordea, gehiegizkotzat jo dituzte. Argazkian, pintaketa Areetako metro geltokian, aurreko greban.