Gaurko grebaren harira, goizeko 7etan abiatu dute Leioan pikete informatiboa. 65 bat langile eta langabetu saiatu dira grebaren arrazoiak azaltzen denda, supermerkatu, banku eta obretan, baina Ertzaintzak lokaletara sartzea edota hurbiltzea eta horrelakorik egitea debekatu die. Greba batzordeak, baina, ez du "probokazioetan erori nahi" izan eta muzin egin dio polizien "jarrera bortitzari",
Info7 irratiari adierazi diotenez. Bestalde, LABeko kideek zabaldu dutenez, ertzainek "kontuz ibiltzeko" esan diete, "gogoak" dizkietelako. Horrez gain, poliziek hainbat dendarirengana jo dute, piketeen aurka salaketa jartzeko animatuz. Gauzak horrela, herrian diren hiru obra geldirik egon dira eta banketxeek ateak itxi egin dituzte. Arlo publikoari dagokionez, Udaletxea eta bulego teknikoa itxita egon dira. Greba batzordearen aburuz, langileren bat jardunean ibili da, baina aipatutakoak zein bestelako zerbitzuak ez dira ireki. ELAk emandako datuen arabera, Leioako Udaleko langileen %70k baino gehiagok bat egin du grebarekin. Trafiko aldetik ere, nabarmena izan da grebaren eragina. Avanzadako errepidean ohiko egunekin alderatuz, trafiko erdia baino gutxiago izan da eta ia ez da ilararik sortu euria izan ostean, nahiz eta horrelakoetan ilara handiak pilatzen diren. Argazkian, Leioako piketeen irudi bat.