Goizean goizetik hasi da Hego Euskal Herriko hainbat lekutan grebaren eragina nabaritzen. LABek jakinarazi duenez Bizkaian erabateko eragina izan du Busturia, Lea-Artibai eta Durangaldean. Gipuzkoan ere nabarmena da, eta enpresa handi gehienak itxita daude. Araban Mercedesen eta Michelinen izan duen jarraipena nabarmendu du LABek.
Bestalde, deialdia egin dutenen arabera, bidaiarien garraioaren sektorean, EuskoTrenen eta Euskal Trenbide Sarean jarduera "gutxieneko zerbitzuetara mugatu da". Metro Bilbaon grebaren eragina "oso nabarmena" izan da, eta Gasteizen, TUVISAk %80ko jarraipena zenbatetsi du. Gainera, merkantzien garraioan grebari emandako babesa "zabala izan da". Herrizaingo Sailak bere aldetik, jakinarazi du errepideetan lanegun arrunt batean baino zirkulazio gutxiago dagoela. Metro Bilbaok eta Euskotrenek esan dute zerbitzu minimoak betetzen ari direla, baita Renfek eta Fevek ere.
Administrazioa
Grebak udaletan eta foru aldundietan izan duen jarraipena "oso handia" izan da, bereziki lurralde gipuzkoarrean, "udal ia guztiek bat egin dutelako grebarekin, Irunek eta Eibarrek izan ezik", sindikatuen arabera. Bizkaian, Busturialdean eta Durangaldea erabatekoa izan da lanuztea, Bilboko Udalan eta Arabako Foru Aldundian bezala. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, jarraipena %70ekoa izan dela esan dute, eta justizian erantzuna zabala izan dela, "kasu askotan gutxieneko zerbitzuek bakarrik egin baitute lan".
Osakidetzan -ospitalen sarean zein lehen mailako arretan- erantzuna txikiagoa izan dela nabarmendu dute greba deitzaileek, "gutxieneko zerbitzu oso handiengatik eta berez langile gutxi dagoelako". Errepideko garbitasunaren sektorean lanuztea "ia osoa" izan da Gasteizen eta Donostian, eta eraikinen eta lokalen garbitasunean "nabarmena". Ikastetxeetako jantokien kudeaketan jarraipena "esanguratsua" izan da.