Leioako
Artea merkataritza guneko dendariek ateak itxi dituzte gaurko greba deialdiaren harira, ordu batez bada ere, baina ez dute bat egin murrizketa sozialen aurkako aldarriarekin. Beraien aldetik, guardiek bi erretentzio saiakera indarrez protagonizatu dituzte, baina piketeek eragotzi diete ertzainei bi gazte entregatzea. 16:45 aldera, Itzubaltzeta / Romotik igotako hainbat herrietako 65 bat piketeak somatzean, histeriaz erreakzionatu dute Arteako dendari autonomoek zein soldatapekoek. "Atera! Gerra!" oihukatu dio arropa denda bateko poxpolin batek beste bati, bandera komunistak azalera handian sartu bezain laster. Erantzun gisa, beste beharginak dendako argi guztiak amatatu, arrapaladan irten eta pertsiana automatikoa itxi du, dozena erdi bat segundotan. Inguruko dendetan antzeko erreakzioak ikusi dira, nahiz eta baten batek denbora gehiago eman duen denda ixten, urri ikusi diren bezeroren bat zuen eta. Gauzak horrela, Eroski supermerkatuan sartu da pikete informatiboa eta beharginei jasandako murrizketa sozialen eta grebarekin bat egiteko beharraren berri eman ostean, gurdiak kargatu eta kutxetara zuzendu dira.