Esan bezala, burutu beharreko distantzia 5.000 metrokoa da eta hondar gogorrean korrituko da. Lasterketak sei kategoria ditu: gizonezkoak, emakumezkoak, beteranoak (40 urtetik gorakoak), umeak (14 urtetik beherakoak); eta federatuta dauden gizonezko eta emakumezkoen kategorietan banatuta. Iaz, Jone Etxebarria larrabetzuarrak eskuratu zuen txapela emakumezkoetan, eta Arrigorriagako Begoña Villalobos lotu zen bigarren. Gizonezkoetan, berriz, Pablo Solares asturiarra izan zen txapelduna, Gorka Gaviña gasteiztarra bigarren eta Javi Lozano bilbotarra hirugarren.
1999tik hona
1999. urtean ospatu zen Sopelako Lasterketa Nudistaren lehenengo edizioa. Patxi Ros arduratu zen horretaz, bere bi zaletasunak bateratuz: kirola eta naturismoa. Urtez urte eta edizioz edizio, lasterketak gero eta parte-hartzaile gehiago izan ditu, muga guztiak hautsiz eta naturismoak duen ohiko ikuspegia (hondartza eta eguzkia) apurtuz.
2003. urtean, Euskal Naturista Elkarteak (ENE) lasterketa antolatzeari ekin zion. Urte horretatik aurrera lasterketaren izena 'Patxi Ros' saria da, lasterketaren sortzailearen lana eskertzeko asmoz.
2012. urtetik aurrera, Patxi Rosek berriro lasterketa antolatzearen ardura hartu du, ENE naturismoko batzordea desegin ostean. Galtzeko zorian egon den arren, azkenean hainbat eragileren bultzadari esker lasterketa aurrera eramatea lortu da.