“Urrats garrantzitsua da, bai lanak egiten diren tokietako (Errekagane, Plentzia Hiria eta Makaletako hasiera) segurtasunaren aldetik, bai I. eta II. Fasetako (Neguri eta Salsidu) funtzionamendu hidrauliko hobeago batentzat; baita konpromiso ekonomikoaren ikuspegitik hartuta, lanak 14 milioi eurotik gorakoak izango baitira. Hau da, Gobelako lan guztiak egiteko aurreikusitako inbertsioaren erdia suposatzen duelako guztira”, gogoratu zuen. Arregik lehen uholdeetatik gaur arte emandako urratsak laburbildu zituen. Bere ustez, “esan genezake Getxon arazo urbanistiko handiena dena, bizitegi-guneetako eta kirol ekipamenduetako uholdeena, konpontzeko ezinbestekoak diren lanak abiatu ditugu”.
Erabat beharrezkoa
Bildu eta PSE-EE bat etorri ziren Gobernu Taldearekin, uste baitute obra hori erabat beharrezkoa eta ezinbestekoa dela uholde arriskuarekin amaitzeko, eta auzotarrek gogoko duten obra da. PP, bere aldetik, abstenitu egin zen, bere iritziz “proiektua ez baita guztiz zuzena, besteak beste, egungo Arenas parkea, duela gutxi berritu dutena, botako baitute obrako makinak ipintzeko, eta ibaiko alde batean hondatzeko arriskuan dauden pabilioiak bere horretan uzten baititu”.
Gobernu Taldeak zein PSE-EEk PPren jarrera kritikatu zuten “lehenik eta behin 2009an Gobelan lanak egiteko trazadura eta sekzioen proiektu orokorra onartu zuelako, eta gerora udalerriarentzat estrategikoenak diren proiektuak, hala nola, Getxo Antzokia, Itzubaltzeta / Romoko Kultur Etxea eta, orain, Gobela, bide erdian alde batera utzi dituelako”. PPk, halere, uste du “bi gauza ezberdin direla”.