Ana Helguera (EAJ) Ogasun arloko zinegotziak adierazi zuenez, “Madrileko Gobernuaren murrizketak direla eta langileek galduko dutenarekin bat etortzeko beren soldatatik ordainsari bat murrizteko proposamen hori uztailean Gobernu Taldeak bereganatu zuen konpromiso publikotik sortu da. Udal langileekin ez ezik aipatu neurriak pairatzen dituzten Getxoko bizilagunekin ere elkartasuna adierazteko proposatu dugu”. Helguerak aipatu zuen Getxoko Udalaren egoera ekonomikoa "oso bestelakoa" dela Estatuko beste udalerri batzuen aldean; "izan ere, urte askoan Espainiakoaren aurkakoak diren politikak egin baitira hemen".
“Uste dugu ez dela bidezkoa egoera desberdinentzat neurri berdinak ezartzea, ez eta herritarrak izan daitezela eurek eragin ez duten krisiaren eraginak ordaindu behar dutenak”, aipatu zuen Ogasun zinegotziak. Gobernu Taldea "kezkatuta" dago Getxon eta EAEn murrizketa neurriek ekonomian eta gizartean izan dezaketen eraginarekin, “kontsumoan eragin txarra izan dezaketelako eta, hortaz, merkataritzaren, ostalaritzaren eta industriaren egoeran”. Helguerak adierazi zuenez, "Gobernu Taldea lanean ari da Langileen Batzordearekin abenduko aparteko ordainsaria kenduta Udaleko beharginek pairatuko duten erosteko ahalmenaren galera arintzeko neurriak aztertuz".