2005ean hasitako eginbide batzuen azken emaitza da orain epaiketa hau hastea. EHUko iturriek zehaztu dutenez, eginbide horietan, 500 espediente akademiko baino gehiago aztertu dira, 2007ko maiatzetik 2012ko maiatzerako tartean, 36 pertsonak deklaratu dute (administrazio eta zerbitzuetako langileak, irakasle-ikertzaileak eta kargu akademikoak, hala errektore, nola dekano edo dekanorde), prebarikazioagatik eta dokumentu-faltsutzeagatik inputaturik, eta beste hemezortzik deklaratu dute lekuko gisa. Guztira 5000 orri dituen espedientea osatu da ondorioz.
EHUk, erakunde gisa, behin eta berriro bidali ditu hainbat txosten, eta horietan azaldu ditu, besteak beste, matrikulazio-prozesua arautzen duen indarreko arautegia, ikasleen ebaluazio-sistema, aktak sinatzeko eta aktetan aldaketak islatzeko prozedura, eta ikasleen eskubideak hainbat deialdi erabiltzeari dagokionez.
EHUren babesa
"Aurkezturiko txostenak eta dokumentuak ikusirik, espediente bakar batean ere ez da aurkitu legez kontrako ezer, ez matrikula-prozeduran, ez ebaluazio-prozesuan. Ebaluazioan edo akta-sinaduran erantzukizuna zuten pertsonen aurkako akusazio guztiak artxibatu dira, pertsona deportatuen kasuetakoak barne", unibertsitateko agintariek nabarmendu dutenez. "Irakasle horiek, bestalde, ez dute inolako erantzukizunik izan bi ikasle deportatuen matrikula- eta ebaluazio prozesuetan", gaineratu dutenez. EHUko arduradunen hitzetan, "Enrique Antolinek eta Xabier Aierdik, beren karguei zegozkien eginbideak bete zituzten ikasle berezien taldearekin, eta, marko instituzionalaren barruan, talde horretako ikasleei eskubidez zegokien goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoa bermatzen lagundu zuten". Era berean, Gobernu Kontseiluak espero du "prozedura judizialak ez duela zalantza izpirik utziko irakasle hauen jardunbideari buruz, eta argi erakutsiko duela lan egokia egin dutela erakunde honetan".