Andra bati lepoan kuter bat jarri izana egotzita gizon bat atxilotu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ira. 27a, 19:57

Getxoko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du gaur arratsaldean Itzubaltzeta / Romon, andra bati lepoan kuter bat jarri eta heriotza mehatxuak egin dizkiolakoan. Lekukoek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez, liskarra arratsaldeko 3:45ak aldera piztu da. Ordu horretan, aipatu gizonak kuter batez hasi ei da Gudari Egunaren harira Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan jarrita zeuden kartelak mozten, tartean Juan Paredes Manot "Txiki" eta Angel Otaegi Frankismoaren biktimen erretratuak. Horren ostean, dolu-xingola zuten ikurrinak kentzeari ekin dio. Orduan, andra batek bere jarrera gaitzetsi eta ikurrinak ez ukitzeko esan dio. Lekukoen arabera, emakumearengana hurbildu eta kuterra lepoan jarri dio hilko zuela esanez. Andraren oihuei kasu eginez, hainbat lagun batu dira eta emakumea bakean uzteko esan diote gizonari. Gizonak bildutako guztiei heriotza mehatxuak errepikatu eta terroristak eta etarrak deitu ostean, ihes egiteari ekin dio, ikurrina bat esku batean eta kuterra bestean. Handik gutxira, zerbitzutik kanpo zebilen udaltzain batek eta hainbat herritarrek gizona topatu dute Santa Eugenia eta Kresaltsu kaleko kantoian dagoen taberna batean. Udaltzainak errefortzuak eskatu eta gizonari arma zuria eman zezan eskatu dio. Gizonak uko egin du eta hainbat mehatxu bota dizkie atzean joan zaizkionei. Ostean, kolpeka hasi ei zaie. Orduan, lurrera bota eta kuterra kendu ostean, hor izan dute udaltzainak heldu arte. Horiek esku-bilurrak jarri eta atxilotuta eraman dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun