Atzo, asteazkena, greba orokor eguna, 13 lagun epaitzekoak ziren Bilbon, 2008ko urtarrilean Leioa eta Erandioko campusean Bolognako prozesuaren aurka izandako protesten harira. Baina, Greba Orokorraren eraginez bertan behera utzi behar zuten epaiketa. Izan ere, agente judizialak ez ziren bistara agertu,
"Berria" egunkariak zabaldu duenez. Hamahiru ikasleetatik hiru ere ez ziren azaldu. Gauzak horrela, epaiketa urtarrilaren 23ra arte atzeratzea agindu zuen epaileak.
Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak azaldu zuenez, lau hilabeteko espetxe zigorra jarri nahi zieten, desordena publikoa egotzita. 2008ko egun hartan, klaustroa eten zuten hainbat ikaslek. Istiluak izan ziren protestaren harira, eta, ondorioz, hamahiru ikasleak auzipetu egin dituzte. Ertzaintzaren oldarraldia salatu zuten ikasleek orduan, eta salaketa hori berretsi zuen IAk. Ikasle Abertzaleek babesa agertu diete ikasleei, epaiketa bertan behera uzteko eskatu, eta EHU bera jo dute epaiketa horren erantzule nagusi, "EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak baimendu baitzuen Ertzaintza campusean sartzea eta ikasleen kontra oldartzea". Argazkian, Bolognaren kontrako manifestazioa Leioa eta Erandioko campusean, artxiboko irudian.