Bigarren itzulia beharrezkoa izanez gero, abenduaren 13an egingo litzateke, eta errektorearen izena hil horren 21ean jakinaraziko litzateke. Hauteskunde-sistema unibertsitateko bost estamentuetan oinarritzen denez, botoak ehunekoen arabera kontatzen dira, ez boto indibidualen arabera; izan ere, kasta bakoitzak oso ordezkaritza ezberdina du, gutxiengo den irakasleari gehiengo osoa ematen diona. Gauzak horrela, lotura iraunkorreko irakasle doktoreei botoen %56,25 egozten diete; lotura iraunkorreko irakasle ez-doktoreei, %7,50; bestelako irakasle eta ikertzaileei, % 2,09; administrazio eta zerbitzuetako langileei, %12,08; eta, azkenik, gehiengo zabal den ikasleen multzoari, %22,08.
2011ko txosten ekonomiko ikuskatua onartzea
Bestalde, gaurko Gobernu Kontseiluak 2011ko txosten ekonomiko ikuskatua ere onartu du. 12,8 milioi euroko "emaitza positiboa" izan du, EHUren beraren arabera, 2011 ekitaldiko behin betiko kreditu guztiaren %1,9 superabita izan dela. Emaitza hori zenbait faktoreren ondorioa da, eta guztietan garrantzitsuena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren irizpide-aldaketa bat izan da, ekitaldi horretan unibertsitateko tasa akademikoak ordaintzeko epeetan egindakoa. Urte horretan, tasa horiek bi epetan ordaindu ziren, aurreko urteetan ez bezala (hiru epetan ordaintzen ziren). Ondorioz, 2011ko ekitaldian, 2011/2012 ikasturteari zegokion kopuru osoa eta 2010/2011 ikasturteari zegokion kopuruaren azken zatia jaso ziren. Horrek 8 milioi euro lehenago kobratzea ekarri du.
Gainerako saldo positiboa honako hauei zor zaie: bankuko kontuetan sortutako interesengatiko sarrera handiagoari, BEZ kengarriaren likidazioari eta langileei eta ohiko gastuen programa batzuei bideratutako partiden gastu txikiagoari.
Kopuru hori 2012ko aurrekontuari erantsiko zaio, inbertsioei aurre egiteko kreditu bat emanda; izan ere, aurrekontu-egonkortasuneko arauek ezarritakoaren arabera, diru hori ezin da ohiko gasturako erabili. Legezko xedapenen ondorioz, gastu horiek ezin izan ziren aurrekontua prestatzean esleitu, ez baitzegoen nahikoa diru-sarrera egiaztatuta. Orain, 2011ko ekitaldiko emaitza positiboari esker, diru gehiago izango da informatikako tresneria berritzeko, Hainbat Urtetarako Inbertsio Planean aurreikusitako jarduera batzuei heltzeko eta EHUko Zientzia Parkearen eta San Mamesko gunearen urbanizazioa osatzeko.
2011ko aurrekontuen kontabilitateko egoera-orriak aztertu dituen kanpo-ikuskaritzaren txostenak adierazten duenez, horiek “zehazki irudikatzen dituzte ekitaldi horretako sarrerak eta gastuak, 2011ko abenduaren 31n kobratzeke zeuden eskubideak eta ordaintzeke zeuden betebeharrak eta EHUren aurrekontu-egoera, aplikatu beharreko finantza-informazioko araudien arabera”.