Ez dugu uste hori egitean langileekiko begirunea edo elkartasuna erakusten ari garenik; guztiz kontrakoa. Neurri hau orain irailean bozkatzen dugu eta horrekin, zeharka, langileei aplikatuko zaien erasoa onartzen ari gara. Ez dugu nahi langileen Gabonetako paga murriztea eta uste dugu udal honetako Gobernu Taldea, EAJren esku dagoena, paga estra murriztearen kontra agertu beharko litzakeela (are gehiago hemen eta han murrizketen kontra agertu denean). Ez du balio udalak Espainiako 20/2012 dekretuaren aurrean duen menpekotasuna aitzakiatzat jartzea. Dekretua bidegabe iruditzen bazaio Gobernu Talde horri, oso larria da bidegabekeri horren sukurtsala bihurtzea.
Bestetik, FARSA itzela iruditzen zaigu Osoko Bilkuran onarturiko murrizketa. Koalizio hau udalera sartu zenean argi esan genuen udal taldeen liberazio kopurua, soldatak eta dietak erokeria iruditzen zitzaizkigula. EAJri proposatu genion horiek nabarmen murriztea 29tik 18ra, soldaten murrizketarekin batera, 900.000 euro (ez orain dioten 150.000) aurrezten genituela. EAJk ez zuen gure proposamena onartu eta ez zuen zailtasun handirik izan PPrekin liberazio kopurua eta soldatak adosteko. Bildun barriz ere adierazten dugu prest gaudela gure liberazioen eta soldaten murrizpenaz hitz egiteko. Baina ez gaude prest onarturiko murrizketak langileak erasotzeko aitzakia bezala erabiltzea.
Ildo horretan, Murrizketen aurka daudela esan arren, EAJ eta PSOE-EE alderdiek 26ko greba orokorra babesteko eskaeraren aurka bozkatu zuten Alderdi Popularrarekin batera. Mahai gainean jarritako datuak (4.504 langabetu Getxon, hau da biztanleriaren %5,6, eta 161 establezimendu itxita 2011n) larriak izan arren, Udal batzak ez zuen getxoztarren eskubide sozialen alde egin, Bildu bakarrik utzita horien defentsan.
Horretaz gainera, Iraileko Osoko Udal Bilkuran Errekaganen egin beharreko Gobela errekako uhandietatik babesteko eta egokitzapen hidraulikorako eta haren ingurumena lehenarasteko proiektua onartu zen Bildu, EAJ eta PSO-EE alderdien bozkekin; Alderdi POpularra, berriz, abestenitu zen, orain arte auzotarren, talde politikoen eta erakundeen artean egon den kontsentsuari bizkarra emanez.
Beste gaiei dagokienez, Bilduk aurkeztutako beste mozio bat onartu zen Osoko Udal Bilkurak PP alderdiaren aldeko bozkekin eta EAJ eta PSOE-EE alderdien aurkako jarrerarekin (13-12). Izan ere, Kultur Etxea Udal Erakunde autonomoak publizitatean kontratatzeko dituzten irizpideak berrikusteko eskaera egin genion Udal Gobernuari; zentzu horretan lan egiteko prest agertu ginen, mezua behar eta nahi den entzuleriari hel dakion eraginkorra izan dadin. Kultur Etxearen aurrekontuaren % 6 inbertitzen da publizitatean, nahiz eta irizpideak ez daude oso argi, eta hedadura orokorreko hedabide handiak lehenesten dira tokikoak edo getxoztarrengandik hurbilago dauden bitartekoen aurrean. Era berean, eta mozioan esan genuen bezala, hizkuntza irizpideak ez dira kontuan hartzen gero eta handiagoa den entzuleri euskalduna baztertuz.
Horretaz gainera, PSOE-EEk Adinekoen Udal Kontseilua sortzeko proposamenaren alde bozkatu genuen ongietorria baitira getxoztarren ,kasu honetan adinekoen, parte-hartzea bultzatzen duten egitasmoak.
Honen harira, auzotar batek Alkateari zuzendu zion galdera bat Kutxabank-ek Getxon duen Nagusien Etxearen inguruan. Une honetan lanak direla eta itxita dagoen Nagusien Etxea betiko itxiko duen beldur daude auzotar batzuek. Ez zen erantzunik izan, ez Osoko Bilkuran ezta Bilduk Jendarte Zerbitzuen Batzorde Informatiboan egindako galdera berberean.
Getxoko Bildu
bildu.info/getxo