
Algortako Abian kultur elkarteak gaur, ostirala, inauguratuko du bere egoitza izango den taberna. Elkarteak zabaldu duenez, ekitaldia Telletxe plazatik abiatuko da, arratsaldeko 8:30ean. Handik kalejiran Bidebarri kaleko bigarren atari ondoan dagoen Abian tabernaraino helduko dira inaugurazioan parte hartu nahi izango duten auzokideak. Sustatzaileek gonbidapen zabala egin dute, "guztion artean proiektu berritzaile eta ekintzaile honi ongi etorria eman diezaiogun, animatu, eta etor zaitez!". Taberna zabaltzeko erronka iazko abenduaren 15ean aurkeztu zuen elkarteko talde dinamizatzaileak eta herri batzarrean parte hartu zuten 50 pertsonen gehiengo oso zabalak proiektuari argi berdea ematea adostu zuen. Handik hona, auzolanez eta bazkide-kuotaz jardun dute lokala egokitzeko. Abianek hiru helburu nagusi ditu: abertzale eta ezkertiarren arteko indar metaketarako baldintzak probestea; herriaren eta herritarren aktibazioa bultzatzea; eta proiektu abertzale eta ezkertiarrak herrian erreferentzialtasuna irabaztea. Argazkian, Abiango kide bat kanpoko dekorazioari azken ukituak ematen atzo gauean.