Campusei erreparatuta, Araban 1.711 ikasle berri matrikulatu dira lehen mailan, aurreko ikasturtean baino % 4,2 gehiago. Nabarmena izan da Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolaren portaera, Ingeniaritza Elektrikoko gradua kendu egin den arren, 2011-12an izandako 208tik ikasturte honetako 254ra hazi delako guztizko matrikula. Campus horretako hamahiru titulaziotan eskaini dituzten plaza guztiak bete dituzte.
Gipuzkoako Campusean, guztizko matrikulen kopuruak behera egin duen arren, 2011-12ko 2.232tik 2.190ra, okupazio maila bederatzi puntu igo da, %97,90ra arte. "Lanean jarraituko dugu Campus honetako titulazioen berregituraketan eta datorren urterako ezarrita egon ahal izango da Ingeniaritza Medikoko gradu berria", adierazi du Javier Gil Akademia Antolakuntzako errektoreordeak. Gilek nabarmendu du, baita ere, Campus horretako graduen berrantolaketak baliabideen optimizazioa ekarri duela. Horrela, Informatika Fakultatean, non Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikako Ingeniaritza desagertu egin den, Ingeniaritza Informatikoko matrikula 100etik 144ra hazi da. Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan, non ikasturte honetan ez den emango Industria Kimikaren Ingeniaritza, matrikulen kopuruak igoera arina izan du 402tik 407ra. Ikastegi honetan, aurreikuspenen arabera, Ingeniaritza Medikoa ezarriko da datorren ikasturtean. Azkenik, Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan 2011-12an ezarritako Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako graduak eskainitako plaza guztiak bete ditu eta gutxieneko nota 9,924an kokatu du, UPV/EHUko nota altuenen artean zazpigarrena eta bio-sanitarioa ez den graduen artean lehenengoa.
Bizkaiko Campusean, prozesua oraindik itxi ez bada ere, matrikula arinki igo da (2011-12ko 4.603tik 4.715era). Adibidez, Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan aurten titulazio bat gutxiago dago, baina guztizko matrikula 376tik 414ra igo da, eta gaur egun eskaintzen dituen lau graduetako plaza guztiak bete dira. Arte Ederren Fakultatean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Atalean, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan, Lan Harremanen Unibertsitate Eskolan eta Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolan ere eskainitako plaza guztiak bete dira.
Kontuan izan behar da zifra hauek aldaketa txikiak jasan ditzaketela eskaera daukaten titulazio batzuek oraindik ez baitituzte plaza guztiak bete.