Kultur Leioak ez die ikusleei BEZaren igoera kobratuko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ira. 28a, 20:59

Kultur denboraldia bihar hasiko denean, Kultur Leioa udal kultur erakundeak ez ditu ikuskizunen prezioak igoko, eta Espainiako Gobernuak ezarritako BEZaren igoerak eragindako garestitzea bere gain hartuko du. Hori horrela, antzerkirako eta dantzarako sarrerek 5 eta 15 euro bitartean balioko dute; kontzertuek 10 eta 20 euro bitartean; familiari zuzenduriko egitarauak 4 eta 5 euro bitartean, eta zinemak, 2 eta 4 euro bitartean. Gabonetako Arte Eszenikoetako erakusketarako bonua mantendu egingo dute, eta “Musika arimarekin” ziklorako bonua, berriz, "proposamen gastronomiko interesgarri batekin aberastuko" dutela iragarri dute. Gauzak horrela, Kultur Leioak 25 ikuskizun eta 28 funtzio eskainiko ditu datozen hilabeteetan. Zortzi musikaren alorrekoak izango dira, formatu txikiko kontzertu bat, lau antzerki-lan eta beste hiru nagusientzako dantza-ikuskizunak izango dira; haurtxoentzako saio bi egingo dira, eta zazpi musika, dantza, txotxongilo eta antzerki ikuskizun, bai eta lau erakusketa ere; zine, lehiaketa eta jarduerak ere antolatuko dira Leioako Gaztegunea Aterpean, auzoko ikasgeletan egingo diren jarduerak ahaztu gabe. Argazkian, Ruper Ordorikak kontzertua emango du Kultur Leioan azaroaren 24an / cc-by-nc-sa Jabi Zabala.

Dantza proposamen interesgarriekin abiaraziko dugu denboraldia, eta “Dantza… eszenara” zikloan, bihar, larunbata, Mar Gomez konpainiaren "Perdiendo el tiempo" lana ikusi ahal izango da, dantza eta zirkua uztartzen dituen proposamena. Hitzordua 19:00etan izango da Auditoriumean. Urriaren 7an, 18:00etan, Auditoriumean, Maduixa Teatreren familia guztiarentzako dantza, “Consonant” lanarekin; dantza, antzerki, arte plastiko eta teknologia berriak uztartzen dituen ikuskizuna. Urriaren 18an, toki berean, 12:00etan eta 19:00etan bi emanaldi eskainiko ditu Toni Jodarrek, dantza modernoa eta garaikidea azalduko dituena dantzatutako hitzaldi batean. Urriaren 21ean, Asun Noales koreografo eta dantzariaren Otra Danza konpainiaren eskutik, dantza garaikidea ikusgai izango da, "ARA" ikuskizunarekin.

Antzerkia

Antzerki zaletuentzat, urriaren 5ean, 20:30ean, Auditoriumean ere, Traspasos K taldeak Samuel A. Tayloren "Avanti" dibertigarria taularatuko du Leioan. Artedramak azaroaren 8an estreinatuko du “Publikoari gorroto”. Alfredo Sanzolek, azaroaren 23an, “En la luna” lana aurkeztuko du, La Abadia eta Teatre Lliure antzerki taldeei esker. Azaroaren 25ean, txikienek familiarekin batera disfrutatu ahal izango dute Borobil Antzerki Taldearen “Ali Baba eta 40 lapurrak” lanarekin eta Antzerkiko Espainiako Saria irabazi duen Andaluziako La Zaranda konpainiak “Nadie lo quiere creer” lana aurkeztuko du abenduaren 14an.

Kontzertuak

Musikari dagokionez, "Udazkenean… musika arimarekin” zikloak, bere XXIII. edizioan, 4 kontzertu bikoitz ekarriko ditu, formatu berri batean: gau tematikoak, tartetxo gastronomikoekin. Nortasun handiko eta estilo musikal zainduko bandak eta autoreak. Saio guztiak Auditoriumean izango dira, 21:00etan.

Urriaren 19an, Lula Pena eta Antonio Zambujo Quintet izango dira, Portugaldik etorrita. Azaroaren 9an, gau eskandinaviarraz gozatu ahal izango da, proposamen interesgarri birekin: batetik, Ketsurat (Finlandia) eta Karl Seglem (Norvegia), askotariko instrumentista, poeta eta konpositorea. Azaroaren 30ean, Eskoziaren txanda izango da, Lori Watson & The Rule of Three eta Manranekin. Eta zikloari amaiera emateko, Gau Flamenkoa egongo da abenduaren 21ean, Raol Mico eta Las Migasekin.

Gainera, azaroaren 16an, Los Gatos Bizcos (blues) taldeak joko du. Azaroaren 24an, berriz, Ruper Ordorika sortzaile nekaezinak bisitatuko du Leioa, folk eta rockean sustraituriko bere soinu berriarekin eta, abenduaren 23an, Travellin’ Brothers Big Band leioaztarrek Gabonetako klasikoez osatutako “Christmas Show” ikuskizunarekin harrituko dituzte berriro ikusleak.

Halaber, txikienei eta familia guztiari zuzenduriko ziklo bi nabarmendu dituzte Kultur Leioako arduradunek: azaroaren 17 eta 18an burutuko den Haurtxoentzako V. Antzerki Zikloa, non Galiziako Katarsisen konpainiak “Pa Cama” antzez-lana eta Italiako La Baracca antzez-taldeak “Spot” obra aurkeztuko dituzten.

Bestalde, abenduaren 26tik 30era Gabonetan Antzerkira-Gabonetako Arte Eszenikoen XVI. Erakustaldia zikloan, txikienei diziplinen askotariko hautaketa bat hurbilduko zaie, txotxongiloetatik hasi eta multimedia eta dantzaraino. Lehenengo egunean, Glu Glu produkzioak “Ahatetxo itsusia” aurkeztuko du; hurrengo egunean, Bambalina Teatre Practicable taldeak urruneko lurraldeetara eramango gaitu “Ulises” lanarekin; hirugarren saioan, berriz, Zum Zum Teatrek “La camisa del hombre feliz” aurkeztuko du; azken aurreko egunean, Proyecto Titoyaya izenekoak “Moniquilla y el ladron de risas” lana taularatuko du; eta, azkenik, abenduaren 30ean, Txirri, Mirri eta Txiribitonek, 40 urtez eszenatokietan ibili ondoren, agur esateko biran, barreak eragiten saiatuko dira “Gabonetan ere barrez” lanarekin.

Kultur Leioako Laguna

Bestalde Kultur Leioak Kultur Leioako Lagun txartela sustatzeari ekin dio eta "inoiz baino abantaila gehiago" agindu ditu "kulturaz gozatu ahal izateko".
Besteak beste, hauek dira eskainitako abantaila horiek: jardueretara lehentasunez sartzeko aukera;
%25eko deskontua Auditoriumean programatutako arte eszeniko (antzerkia eta dantza) eta musika ikuskizun guztietan; "jarduerei buruzko informazio pribilegiatua" etxera bidaltzea hilero-hilero; eta Musika zikloko 4 kontzertuetarako 80 euroko bonua erosiz gero, 30 euroko aurrezpena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun