Euskaraz etiketatzearen aldeko ekimena, abian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ira. 28a, 21:49

Eusko Jaurlaritzak Euskal Herria Esnea euskara hutsez etiketatzeagatik abiatutako ikerketa zeresana handia eman du azken asteotan. Gaur, hizkuntz eskubideen aldeko mugimenduetatik euskaltzale ororengana eman du jauzia kezka horrek, hainbat pertsona ezagunak Bilbon aurkeztutako Euskaraz Etiketatu kanpaina dela medio. Algortako Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia buru, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Arkaitz Estiballes Bizkaiko bertsolari txapeldunak, Julio Ibarra kazetariak, Eba Ferreira futbolariak, Xabier Solano musikariak eta Estitxu Garai Euskal Herria Esnea kooperatibaren komunikazio arduradunak ekimeneko manifestua aurkeztu dute. Kanpaina horren bidez, "Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskara hutsez etiketatzeko eskubidea" eta produktu oro "gutxienez euskaraz" etiketatzen behartzea aldarrikatu dute. Era berean, euskaraz aritzeagatik isunik ez jartzea eta etiketatzean hizkuntz eskubideak bermatzea eskatu diote Jaurlaritzari. Azkenik, euskal ekoizle eta banatzaile guztiei euskara erabiltzera animatu dituzte. Manifestuarekin bat egin daiteke Euskarazetiketatu.com webgunean. Dagoeneko, Algortatik, Iñigo Santxo abokatuak eta Amaia Nerekan Umaran EHUko irakasleak izenpetu dute. Argazkian, gaurko prentsaurrekoa / © Kontseilua.

Gaurko prentsaurrekoaren bideoa (© Euskaraz Etiketatu)



Manifestua

Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak ofizialtasuna eta aitortza duen arren, eta lurralde hauetako berezko hizkuntza izanik, kezka handiz ikusten dugu geure Herrian kontsumoaren arloko hizkuntza-paisaia eta produktuen gaineko informazioa erabat erdalduna eta arrotza dela.

Testuinguru horretan ikusten dugu Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskaraz ere etiketatuta egotea bermatu beharrean, Eusko Jaurlaritzak euskara hutsez etiketatzeagatik prozedura ireki eta isuna eta debekua iragarri dituela.

Hori dela eta, honakoa aldarrikatu nahi dugu:

1.- Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskara hutsez etiketatzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Euskarari ofizialtasuna aitortu zitzaionetik 30 urte igaro diren honetan, produktuak euskara hutsez etiketatzeko mugek eta arazoek ezerezean uzten dituzte kontsumitzaile euskaldunei bermatu beharreko eskubide guztiak.

2.- Euskal Herrian banatzen diren produktuak, gutxienez, euskaraz etiketatu beharko lirateke. Kontsumitzaile gisan badugu eskubidea euskaraz ezagutzeko produktuek dituzten osagaiak, erabiltzeko argibideak eta gomendioak.

3.- Ez dugu onartzen euskaldunon eskubideak bermatzeko urratsak emateagatik inolako isunik jasotzea. Zentzu horretan publikoki galdegiten diogu Eusko Jaurlaritzari euskaraz etiketatzearren Euskal Herria Esnearen kontra irekitako prozedura zehagarria bertan behera utz dezan.

4.- Kontsumo-harremanetan euskarak duen egoeraz ohartuta, kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideen ikuspegitik, bada garaia euskaldunon aurkako muga eta zigorrak alde batera utzi eta administrazio publikoek produktuen etiketetan euskararen aldeko politika positiboak sustatzeko, saritzeko eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

5.- Euskal ekoizle eta banatzaile guztiak euren etiketetan euskara erabiltzera animatu nahi ditugu, kontsumitzaileek eskertu eta baloratu egiten baitugu informazioa gure hizkuntzan jasotzea.

Euskaraz Etiketatu
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun