Hilabete eskas baino ez da falta jada hamahirugarren Indabadarako. Aurten, urriaren 27an, larunbatarekin, izango da, "Golkotan ez dau diru, baina hamahiru" lelopean. Algortako Gazte Asanbladako kideek adierazi dutenez, "betiko egitaraua egongo da, ez dakiguna da ea gaztetxera igoko garen ala ez beraz gaupasa ez dakigu egongo den". Horrenbestez, musika animazioa, herri kirolak, aurresku eta ekitaldia, bazkari herrikoia, jolasak eta poteoa izango dira, segururenik, Algortako Bihotz Alai plazan. Dagoeneko badabiltza babajana prestatzeko lanetan. Gauzak horrela, eguna heldu artean, astelehenero batuko dira Eztabaida Gunean (Villamonte plaza, A4). Hitzordua arratsaldeko 8etan jarri dute eta bertaratzeko deia luzatu diete auzokide guztiei. Argazkian, San Nikolas edo Txiki eta Otaegi plazan zein Bihotz Alai plazan, indabak berdin daude gozo.